Musika klasikoak urtero-urtero izan ohi du bere tartea Zarauzko udako programazioan, eta aurten ere eskaintza interesgarria antolatu du udaleko Kultura departamentuak, Udako Musikaldiaren barruan. Aurtengoa, kontzertu zikloren 38. aldia izango da, eta azken urteetan bezalaxe, Santa Klara elizan izango dira emanaldiak abuztuan zehar. Edonola ere, bada berritasunik aurreko urteekin alderatuta: orain artean, musikaldiko kontzertuak ostiraletan izaten ziren, baina aurten, ordea, ostegunetan eskainiko dituzte. Guztira, lau emanaldiz gozatzeko parada izango da, eta horiek abuztuaren 6an, 13an, 20an eta 26an izango dira, 20:30ean hasita.
Musikaldiari hasiera emateko oraindik ere bi aste falta badira ere, bihar bertan jarriko dituzte salgai emanaldietarako sarrerak. Kontzertuetara bertaratzeko interesa duten herritarrek Modelo aretoko txarteldegian edo Kutxabanken atari digitalean eroskuratu ditzakete sarrerak; 4,15 euroko prezioa izango du sarrera bakoitzak.
Julian Kainrath biolin jotzailearen eta Anton Gerzenberg piano jotzailearen ganbera kontzertuak irekiko du aurtengo musika zikloa abuztuaren 6an. Bikoteak bi pieza interpretatuko dituzte: Cesar Franck eta Edvard Grieg konpositoreen sonata bana, alegia. Astebete geroago, abuztuaren 13an, Vivalma taldearen txanda izango da, eta hirukote honek errepertorio barrokoz osatutako Danser, ballare izeneko emanaldia eskainiko du, bi zatitan banatuta.
Hirugarren kontzertua Maria Zubimendi zumaiarrak eta Garazi Navas usansolotarrak osatutako Expressio Duo bikoteak eskainiko du abuztuaren 20an. Bi akordeoi jotzaile hauek Elementuak izeneko lana taularatuko dute, hiru mendetako musika programarekin. Frantziako barrokoaren dotoretasunetik hasi eta euskal musikaren unibertsora arteko bidaia proposatuko dute.
Azkenik, musikaldiari amaiera jartzeko, William Shakespeare idazlearen klasiko gaurkotua entzuteko parada izango da Trio Rodin hirukoaren Romeo & Julieta 2.0 saioari esker. Aipatu taldea Europako areto onenetan aritu da, 300 kontzertu baino gehiago eman ditu, eta hainbat sari erdietsi ditu nazioarteko lehiaketetan. Zarauzko emanaldian, abuztuaren 26an, Sergei Prokofieven Romeo eta Julieta suitea eta Leonard Bernsteinen West side story suitea joko dute.