27 talde lehiatuko dira Zarautz Futsal Cup txapelketan

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 22a

Azken Zarautz Futsal Cup txapelketako partida bat. (Mireia Galarza Bastida)

Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan jokatuko dute txapelketa, larunbatean eta igandean. Azken edizioan baino sei talde gehiagok eman dute izena aurtengoan.

Asteburu honetan jokatuko dute, hirugarren aldiz, ZKEko Areto Futboleko atalak antolatzen duen Zarautz Futsal Cup txapelketa. Aurtengoan, hiru edizioetako harrerarik onena izan du txapelketak, 27 taldek eman baitute izena; azken edizioan baino sei gehiagok. Antolatzaileak "oso gustura" agertu dira, parte hartzaileek ere urtez urte "gero eta ilusio handiagoa" izaten baitute txapelketarako.

Guztira 225 jokalarik hartuko dute parte asteburuko txapelketan. Antolatzaileek ziurtatu dute "oso pozik" daudela aurtengo txapelketak izan duen harrerarekin. Jokalari kopuruari dagokionez ez ezik, "babesleei dagokienez" ere sumatu dute hobekuntza ZKEko Areto Futboleko kideek, aurten "babes handiagoa" izan baitute.

Hori horrela, txapelketa izaten ari den harrera ona ZKEko Areto Futboleko partaideentzat "oso garrantzitsua" dela nabarmendu dute antolatzaileek. "Areto futbolak ez dauka indar handiegia Zarautzen, eta herritarrak gure txapelketan izena ematen ari direla eta herrian areto futbolean jokatzeko gogoa dagoela ikustea ederra da guretzat. Gure helburua areto futbola herrian pixkanaka hedatzen eta indar gehiago hartzen joatea da", gaineratu dute.

Antolatzaileek adierazi dutenez, joan den urteko txapelketarekin alderatuta, aurtengoak ez du berrikuntza "nabarmenik" izango. Hala ere, iazko txapelketan ezarri zituzten berrikuntzak "mantenduko" dituztela jakinarazi dute. Gauzak horrela, aurten ere, multzoen fasearen ondoren Liga eta Kopa txapelketak bereiziko dituzte. Horrez gain, aurtengo berritasun nagusia soilik emakumez osatutako talde baten parte hartzea izango da. "Lehen aldiz, kide guztiak emakumeak dtuen talde batek eman du izena; garrantzitsua da hori guretzat emakumeen parte hartzea sustatzeko", azaldu dute antolatzaileek.

Bi eguneko lehia

Larunbatean eta igandean jokatuko dute txapelketa. Larunbatean jokatuko dute multzoen fasea, 09:00etan hasita, 21:00etara bitartean. Guztira, 39 partida jokatuko dituzte txapelketaren lehen egun horretan. Txapelketan lehiatuko diren 27 taldeak zazpi multzotan banatu dituzte: A, B, C, D, E eta F multzoak lau taldez osatuta egongo dira, eta G multzoa, berriz, hiru taldez. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak Ligako fasera sailkatuko dira, eta gainerako guztiak Kopako fasera.

Igandean, berriz, Ligako eta Kopako kanporaketen txanda izango da. Goizean hasita jokatuko dituzte kanporaketak. Final nagusia, Ligakoa, Aritzbataldeko kantxan jokatuko dute, 16:35ean hasita; horren aurretik, ordea, Koparen finala jokatuko dute, toki berean, 16:00etan. Txapelketa amaitzeko, sariak banatzeaz gain, zozketak ere egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek; Gran Camping Zarautzen bi pertsonarentzat gaua eta gosaria edo Telesforo erretegian bi pertsonarentzako bazkaria izango dira zozketatuko dituzten sarietako batzuk. Horrez gain, parte hartzaile guztiei kamisetak oparituko dizkiete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide