Erakusketa zabaldu du Marta Marugan Arbones artista donostiarrak Zarauzko Sanz Eneako aretoan. Irailaren 13ra arte egongo dira ikusgai Maruganen margolanak han, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Hain zuzen ere, azken hogeita bost urteotan Maruganek sortutako lanen aukeraketa zabala da Sanz Enean ikus daitekeena. Horrenbestez, artistaren ibilbidea ezagutzeko eta haren unibertso sortzailean murgiltzeko aukera izango dute bisitariek. Maruganen hitzetan, "ia 25 urteko lanen erakusketa antologikoa" da, eta bere ibilbide artistikoaren bilakaera erakusten du.
Joan den ostegunean inauguratu zuten erakusketa. Mostra prestatzea oso berezia izan zela dio artista donostiarrak, izan ere, azken urteetako lanak berrikusteko aukera eman dio horrek: "Urte askotako bizipenetara itzultzea bezala izan da".
Bide sentsorial bat
Rita Unzurrunzaga Ekain arte galeriako zuzendariaren hitzetan, Maruganen lanak "bidaia sentsorial bat" proposatzen dio bisitariari, donostiarraren lanetan behin eta berriz agertzen diren gaietan barrena doan bidaia bat. Obretan behin eta berriz agertzen dira natura, paisaiak, argia eta kolorea. "Margotzea gustatzen zait, baina gehien gustatzen zaidana ikustea da", azaldu du Maruganek, eta "paseoetan ikusitako argiek, koloreek eta paisaiek margolanetan agertzen diren irudiak sortzen" dituztela azpimarratu du. "Nire gauzetatik jaiotzen den pintura da, baina bereziki koadroa ikusiko duen pertsonarengan pentsatzen dut", nabarmendu du artistak.
Erakusketaren katalogoan, Alvaro Bermejo idazleak "metapintura" kontzeptua erabiltzen du Maruganen lana deskribatzeko; haren margolanek "ikusten irakasten" dutela dio Bermejok. Artistak berak, berriz, azaltzen du margotzeko inspirazioa begiratzen duen horretan aurkitzen duela: "Begiratzea da gehien gustatzen zaidan jardueretako bat".
Maruganen margolanak ez dira errealistak, nahiz eta irudi figuratiboak margotzen dituen. Paseoak, behaketak eta irakurketa uztartzen ditu Maruganek bere sormen lanean, eta "horren guztiaren emaitza errealismo magikoa" dela dio. Bermejok azpimarratzen du "irudimena ez dela asmatzea, baizik eta dagoena agerian uztea". Lan egiteko modua ere aldatu du Maruganek. Lehen, akrilikoarekin eta obra grafikoarekin aritzen zen batez ere. Gaur egun, berriz, olioarekin egiten du lan, ia erabat. "Saio luzeagoak egiten ditut orain, mantsoago egiten dut lan", azaldu du.
Maruganen lanek xehetasun ugari ezkutatzen dituzte. Artistaren ustez, margolanak ez dira begirada bakarrean ulertzen. "Zenbat eta denbora gehiago eskaini margolan bati begira, orduan eta gehiago itzuliko dizu", dio artistak. Horregatik, erakusketara joango diren bisitariak koadroen aurrean gelditzera gonbidatu nahi ditu, horietako bakoitzean ezkutatzen diren elementu eta istorio txikiak aurkitzeko. Gaur egun irudi gehienak pantaila bidez ikusten ditugu, eta jatorrizko margolan baten aurrean egotea guztiz bestelako esperientzia dela dio donostiarrak: "Pintura benetan ikustea esperientzia askoz ere biziagoa da".