Munduko txapelketa jokatuko dute Alzak, Frescok eta Merinok Espainiako selekzioarekin

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 21a

Nagore Alza, asteburuan Ciudad Realen jokatutako partida batean. (Utzitakoa)

Zarauzko hiru eskubaloi jokalariak uztailaren 29tik abuztuaren 9ra bitartean Errumanian jokatuko den jubenil mailako Munduko txapelketan izango dira. Ostegunean hasita, entrenamendu saio batzuk egingo dituzte Granollersen (Herrialde katalanak).

Jubenil mailako emakumezkoen Munduko eskubaloi txapelketa jokatuko dute Errumanian uztailaren 29tik abuztuaren 9ra bitartean. Ohi bezala, Zarauzko hainbat jokalari ikusteko aukera izango da bertan. Hain justu ere, Nagore Alza, Elene Fresco eta Nora Merino arituko dira bertan Espainiako selekzioarekin. Alzak eta Merinok ZKEko eskubaloi klubean jokatzen dute eta, Frescok, berriz, Bera Beran.

Asteburuan Ciudad Realen (Espainia) Munduko txapelketa prestatzeko hainbat partida jokatu ostean, etxean dira hiru zarauztarrak, baina denbora laburrerako. Izan ere, ostegunean hasita, Munduko txapelketara behar bezala iritsi ahal izateko entrenamendu saio batzuk egingo dituzte Granollersen (Herrialde katalanak).

Munduko txapelketa, berriz, Errumanian jokatuko dute, uztailaren 29tik abuztuaren 9ra bitartean. Espainiako selekzioa C multzoan lehiatuko da, Alemaniaren, Ginearen eta Uzbekistanen aurka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide