Datorren abuztuaren 3an, astelehenez, "euskal pilotaren jokamolde berri eta ikusgarriena" ikusteko aukera izango da Zarauzko malekoian, Laboral Kutxak babestutako Kale Pilota Txapelketa jokatuko baitute han. Lehen aldiz, frontoi eramangarri bat jarriko dute itsasoaren ondoan, eta emakume pilotari onenek kale pilota partidak jokatuko dituzte. 21:00etan hasiko dira partidak, eta ETBk zuzenean eskainiko ditu finalerdiak eta finala ETB On-en, kirolakeitb.eus atarian eta ETB1en.
Lehen finalerdian Laia Salsamendik eta Nora Mendizabalek neurtuko dituzte indarrak; bigarrenean, berriz, Goiuri Zabaleta eta Olatz Arrizabalaga ariko dira. Ondoren, bi finalerdien irabazleek jokatuko dute finala.
Kale pilota euskal pilotaren jokamolde berrienetako bat da, one wall eta handball modalitateen ezaugarriak eta ezker paretako pilota uztartzen dituena. Indarra baino gehiago, "zehaztasuna eta pilota kokatzeko gaitasuna" kontuan hartzen dituen modalitatea da, eta pilota goxoarekin jokatzen da.
Ekitaldi nagusia baino lehen, Zarauzko Pilota Klubeko gaztetxoek ere izango dute frontoi berrian jokatzeko aukera. 18:00etatik 20:00etara arte, banakako hemezortzi partida jokatuko dituzte.
Iñaxio Illarramendik Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, ekimenaren helburua pilota herritarrengana hurbiltzea da: "Helburua pilota herritarrengana hurbiltzea da, espazio paregabe batean eta ohikoa ez den formatu batean". Horrez gain, emakumezko pilotariei ikusgarritasuna ematearen garrantzia ere nabarmendu du: "Emakumeen pilotari babesa eta ikusgarritasuna eman nahi diogu. Maila handiko pilotariak izango ditugu, eta uste dugu merezi duten protagonismoa ematea ezinbestekoa dela gure kirolaren etorkizunerako".
Eneko Arguiñano pilotazaleak Gipuzkoako pilotaleku guztiak ezagutzen ditu, eta Zarautzen dauden 37 pilotalekuak erregistratuta ditu. Haren hitzetan, malekoian egun batez 38. frontoia jartzearen ideia "oso interesgarria" da, eta ikusleen harrera bikaina izango duela uste du.