"EAJ eta EH Bildu gizarte zatituago bat bilatzen" ari direla kritikatu du Asensiok gaur Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 18a

Gaur Zarauzko kaleetan Jose Ignacio Asensio, ezkerretik bigarrena, eta ezkerretik hirugarrena Inaxio Illarramendi Zarauzko zinegotzi sozialista. (PSE-EE)

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensio Zarautzen izan da gaur, Euskadiko Gazteria Sozialistek Askatasuna eta sozialdemokrazia izenburupean antolatutako Formazio Jardunaldien amaiera ekitaldian.

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensio Zarautzen izan da gaur, Euskadiko Gazteria Sozialistek Askatasuna eta sozialdemokrazia izenburupean Mario Onaindia Fundazioarekin batera antolatutako Formazio Jardunaldien amaiera ekitaldian, eta hainbat adierazpen egiteko aprobetxatu du unea. Gizartearen lehentasuna aldarrikatu du, "gizartea zatitzen duten beroaldi nazionalista eta subiranisten aurrean". Asensiok dio PPk eta Voxek, nahiz EAJk eta EH Bilduk herritarren benetako beharren aurretik kokatzen dituztela beren proiektu nazionalak, eta "askatasunean, elkarbizitzan eta politika erabilgarrietan oinarritutako eredu sozialista" defendatzen duela berak. 

Ziurtatu du Alderdi Sozialistak “eskuinak eta ultraeskuinak sustatzen duten konfrontaziotik urrun dagoen” eredu politikoa ordezkatzen duela, eta proiektu sozialista aldarrikatu du politika sozialak eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza ekintza politikoaren erdigunean kokatzen dituen alternatiba gisa. "Sozialistok askatasuna berdintasun gisa aldarrikatzen dugu, eta demokraziaren kontzeptu horietan sakondu behar dugu. Guk politika erabilgarria egiten dugu herritarrentzat, bai Euskadin, bai Espainian",  esan du.

Bihar Bergaran (Gipuzkoa) Foruen abolizioa eta Alkateen Mugimendua oroitzeko EAJk eta EH Bilduk deituta hainbat alkatek egingo duten ekitaldia kritikatu du Asensiok: "Historiaren interpretazio interesatua eginez, euskal autogobernua aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute bihar. Ildo horretan, euskal autogobernuak ezer izatekotan, hori Konstituzioarekiko eta Estatutuarekiko euskal herritar guztien –inolako salbuespenik gabe– adostasuna da". 

“EAJ eta EH Bildu gizarte zatituago bat bilatzen" ari direla salatu du sozialisten idazkariak, "subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz gutxi batzuei bakarrik mesede egiteko". Horren aurrean, mezu argia eman du: "Gu ez gara hor egongo. Sozialistok, beti bezala, politika erabilgarrian arituko gara, herritarrei interesatzen zaien politikan. Erabakitzeko eskubidea edo independentzia ez daude inongo inkestetan euskaldunon lehentasunak bezala. Etxebizitza, osasungintza, hezkuntza eta mugikortasuna daude egoera larrian. Hor aurkituko gaituzte sozialistok", nabarmendu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide