Zabaldu dute Euskal Jai Eguneko karroza lehiaketan izena emateko aukera

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 20a

2004ko Euska Jaietan egindako karroza bat. (Guka)

Parte hartu nahi dutenek Turismo Bulegoan eman dezakete izena; uztailaren 27an, astelehenean, 20:00etan amaituko da horretarako epea. Udalak, aurten, 5.300 euro banatuko ditu saritan.

Aurten ere,  Euskal Jaietako Karrozak Lehiaketa jarri du martxan Zarauzko Udalak. Parte-hartzaileek karrozaren proiektua diseinatu beharko dute, eta diseinua ulertzen lagunduko duen informazioa aurkeztu beharko dute; esaterako, maketak, planoak, argazkiak, marrazkiak eta memoria idatzia, besteak beste.

Proiektuak uztailaren 27ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte herritarrek Turismo Bulegoan. Lanak anonimotasuna bermatuz entregatu beharko dituzte: proiektuan ezin izango da egilea identifikatzeko daturik agertu, eta datu pertsonalak aparteko kartazal itxi batean aurkeztu beharko dituzte, proiektuaren eta kartazalaren kanpoaldean leloa idatzita.

Lehiaketan parte hartzeko 18 urte baino gehiago izatea eta Zarautzen erroldauta egotea beharrezkoa izango da, eta banaka edo taldean parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Baldintza teknikoei dagokienez, karrozak gehienez ere 2,5 metroko zabalera eta 4 metroko luzera izango ditu.

Sariak hainbat

Epaimahaiak hiru proiektu aukeratuko ditu. Lehenengo sailkatuak 2.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.800 euro eta hirugarrenak 1.500 euro. Horrez gain, irabazle bakoitzari 4x2,5 metroko plataforma bana utziko diete, karoza muntatzeko.

Epaimahaia Zarauzko Udalak izendatu du, eta Udaleko eta Turismo, Jaiak eta Ekitaldiak departamentuko ordezkariz osatuta egongo da. Uztailaren 28an, 29an edo 30ean bilduko da epaimahaia, eta, bereziki,  proiektuen kalitate artistikoa, originaltasuna, Euskal Jaien izaerarekin duten lotura eta bideragarritasun teknikoa baloratuko ditu. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide