Ez dute beste aukerarik izan

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 16a

Zarauzko eta Bergarako IATko langileak, Zarauzko lantokiaren kanpoan, aste honetako protesta egun batean. (Ekaitz Etxabe)

Azken asteetan hiru lanuzte egin ostean, greba mugagabera jo dute Zarauzko eta Bergarako IATko langileek. Itasua enpresa negoziatzera "itxita" dagoela ziurtatu dute Itziar Murua, Julen Mengibar eta Eneko Castaño beharginek.

Pasa den ekainaren 26an iragarri zuen ELA sindikatuak hiru greba egun deitu zituztela Zarauzko eta Bergarako (Gipuzkoa) IAT zentroan. Lanuzteen arrazoia argia zen: negoziazioetan benetako aurrerapausoak ematea eta lan baldintza hobeak eskatzea. Itasua enpresarekin negoziazioek blokeatuta jarraitzen zutela eta, uztailaren 1ean iragarri zuen ELA sindikatuak hilaren 13an greba mugagabera joko zutela. Gauzak horrela, asteartean ekin zioten greba mugagabeari. Itziar Murua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1998), Julen Mengibar (Azkoitia, 1996) eta Eneko Castaño (Legazpi, Gipuzkoa, 1994) Zarauzko eta Bergarako IATko langileek azaldu dutenez, enpresak "negoziazioak etetea" erabaki duelako hasi dute lanuzte mugagabea.

Castañok adierazi duenez, "negoziaketetan" zebiltzan enpresarekin, eta hainbat bileraren ondoren, "ez duela gehiago negoziatu nahi" adierazi die enpresak. "Enpresak Gasteizko hiru ordezkarirekin eraginkortasun mugatuko akordioa sinatu duela erabili du aitzakia gisa, baina akordio hori Itasua enpresako langile guztien gutxiengo baten ordezkaritzarekin adostu da. Argi dago ez dutela gehiago negoziatu nahi, eta horregatik ikusi dugu gure aukera bakarra greba egitea dela, berriz ere negoziatu ahal izateko, behintzat", azaldu du.

Mengibar, Murua eta Castaño, aste honetako protesta egun batean. (Ekaitz Etxabe)

Guztira, 50 langile inguru daude greban: 31 Bergarako IATkoak eta hemeretzi Zarauzkoak. Langile horiek eskatzen dutena "argia" da: inguruko herrietan funtzio berdina betetzen duen eta konpetentzia den enpresako langileek dauzkaten "lan baldintzekin parekatzea" eurenak. Langileen arabera, Itasua enpresako beharginek inguruko herrietako lantokietakoek baino 133 ordu "gehiago" egiten dituzte lan. Desberdintasun hori 70 ordura jaistea eskatzen dute, gero, pixkanaka, alde hori "murrizten" joateko. "Enpresak ezezkoa erantzuten digu beti, gehiegi dela eta ez daudela horretarako prest".

Ordu desberdintasunaz gain, "soldataren" gaia ere mahai gainean jarri dute Zarauzko eta Bergarako IATko langileek. "Lanpostuaren arabera izaten da soldata desberdintasuna, baina guk Gipuzkoako beste enpresak baino 2.000 eta 5.000 euro bitartean gutxiago irabazten ditugu. Hori guztia berdintzen joatea da guk nahi duguna", nabarmendu dute. Gaineratu dutenez, ez dakite zein izan daitekeen desberdintasun horien arrazoia.

Enpresaren erantzuna, ezezkoa

Gauzak horrela, une oro, enpresak beraien proposamenei "ezezkoa" erantzuten diela azpimarratu du Castañok. "Beraientzat garrantzitsuena dirua da. Enpresak dio gero eta diru gutxiago irabazten duela eta langile kopurua %6 igo dela, produktibitatea %2 soilik igo denean. Datu horiek ez dira errealak; izan ere, guk ikusten dugu enpresak urtean milioika euro irabazten jarraitzen dutela", azaldu du.

Ekainaren 29an, uztailaren 8an eta uztailaren 10ean egin zituzten lehenengo lanuzteak, baina enpresak ez du egoera konpontzeko "inolako intentziorik" erakutsi. "Pasa den asteko asteazkeneko eta ostiraleko greben artean, Zarauzko IATan langile bat kontratatu zuten, baina ez dute beste ezer ere egin", adierazi du Mengibarrek. "Azpimarratzekoa da guk behin baino gehiagotan esan diogula enpresari bilera gehiago egin nahi ditugula, baina beraiek ez dute nahi", esan dute.

Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzaren lan gatazkak konpontzeko zerbitzuari (PRECO) bitartekaritza laguntza eskatzea erabaki dute IATko beharginek. "Momentuz PRECOrekin hitz egin dugu, gure artean hobeto ulertzeko. Uztailaren 23rako zehaztu digute bilera eguna, baina ez dakigu enpresa bertaratuko den ala ez den". Orain zer eskatuko duten galdetuta, "greba mugagabea nola doan" ikusi behar dutela adierazi dute. "Greba mugagabean jada denbora bat pasatuta, gure poltsikoa kaltetzen ari da, baita gure arteko giroa ere. Beraz, ez dakigu orain arte eskatzen ari ginena eskatuko dugun, edo gehiago. Nire ustetan, bidezkoena guk ere beste enpresan lan egiten duten ordu kopuru bera egitea izango litzateke, eta berdina kobratzea", azpimarratu du Castañok.

Aurrera begira, "hainbat jarduera" egitea aurreikusten dute langileek. Aste honetan Bergaran kotxe eta karabanekin egin dute protesta, eta Zarautzen ere hala egiteko asmoa dute. "Jendeak ikus dezala greban gaudela eta ez gaudela ados enpresak eskaintzen digunarekin. Jendeak apur bat laguntzen badigu ere, asko eskertuko genuke", esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide