'Los 40ri ez!' elkarretaratzea antolatu dute herriko hainbat eragilek uztailaren 30erako

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 18a

Iazko argazki bateratua, 'Los 40-ri ez' lelopean. (Julene Sorrarain)

"Gaztetxeen eta antolakuntzaren ereduaren alde, eta Zarautz eskaparate turistiko bihurtzearen aurka" daudela aldarrikatzeko egitarau oparoa antolatu du Danda gazte asanbladak uztailaren 30erako.

Danda gazte asanbladak Los 40ri ez! elkarretaratzea antolatu du uztailaren 30erako beste hainbat eragilerekin batera. Egun horretarako egitarau oparoa antolatu dute. Karropoteoarekin hasiko dute eguna, 18:30ean, Plaza Gorritik hasita. Behin Damara iritsitakoan, argazki herrikoia aterako dute. Ondoren, Putzu Beltzean taldearen, Ithakaren eta Martin de Marteren kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Gaztetxean, berriz, Dj Ixeta eta Dj Jaleo izango dira.

Eragileek diote "gaztetxeen eta antolakuntzaren ereduaren alde, eta Zarautz eskaparate turistiko bat bihurtzearen aurka egingo dutela". Halaber, "zarauztarrek Los 40 Summer Live Festival nahi ez dutela argi dagoela" azpimarratu dute. Udalaren kudealetaren aurka ere agertu dira, izan ere, beraien hitzetan, "Zarautz mundu eta Espainia mailako turismoaren eskaparatean jartzen da betikoak turismoan kontura aberasteko", eta "Udaletik kristoren diru partidak bideratzen dira jaialdi honetara, herriko festa eta eragileei bideratu beharrean". Gainera, "herriko eragileei oztopoak besterik jartzen ez zaizkienean, jaialdiari azpiegitura, dezibelio eta espazioarekin erraztazun denak ematen zaizkiola" seinalatu dute. Antolakuntzak herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditu, "denen laguntza beharrezkoa delako".

Egitaraua

  • 18:30. Karropoteoa Plaza Gorritik hasita, eta Los 40ri ez! argazki herrikoia Daman.
  • Ondoren, Putzu Beltzeanen, Ithakaren eta Martin de Marteren kontzertuak.
  • Gaztetxean, Dj Ixeta eta Dj Jaleo

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide