Urtarrilean entregatuko dituzte Salberdingo alokairuko 91 etxebizitzak

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 13a

Erakunde publikoetako ordezkariak gaur goizean, alokarurako 91 etxebizitza babestuen aurrean. (Aritz Mutiozabal)

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta beste hainbat ordezkariek amaitzear dauden Salberdin eremuko etxebizitza babestuen obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Aipatu bizitokietako pertsona onuradunen zerrenda uda ondoren emango dute jakitera.

Alokairura bideratuko dituzten Salberdingo 91 etxebizitza babestuen obrak bisitatu dituzte gaur goizean Eusko Jaurlaritzako eta Zarauzko Udaleko ordezkariek, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Xabier Txurruka alkatea buru zirela. Lanak aurreratuta daude, eta etxebizitzak 2027ko urtarrilean entregatuta egotea aurreikusten dute. Bizitoki horiek esleitzeko prozesua errekurtso fasean dago une honetan eta pertsona onuradunen zerrenda uda ondoren argitaratzeko asmoa dute; izena emateako epea martxoaren 2tik 20ra bitartean egon zen zabalik.

Bizkaia kaleko 34 eta 36 zenbakietan Visesak sustatuta ari dira eraikitzen 91 etxebizitzak, eta horiek zortzi solairutan banatuta daude. Horietatik zazpi gela bakarrekoak izango dira –45 metro koadroko azalera erabilgarria izango dute–; 75 bi gelakoak –65 metro koadroko azalera erabilgarridunak–, horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak; eta bederatzi hiru gelakoak –85 metro koadroko azalera erabilgarriarekin–. Alokaruko etxebizitza sustapen horretarako 19.977.754,07 euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak, eta aurrekontuaren %20 –3.997.584 euro– Next Generation Europako funtsetatik jaso dute.

"Eraikina erabat integratuta geratu da Salberdin auzoan, eta eskertzekoa da Jaurlaritzak egin duen lana", nabarmendu du Txurrukak: "Datorren urte hasierarako 1.100 bizikidetza unitate gauzatuko dira, eta hori lortzeko lana asko egin da azken hamarkadan, bai lankidetza publiko-pribatuan, bai lankidetza publikoan, udalaren eta jaularitzaren artean". Ildo beretik jo du Itxasok, eta Zarauzko Udalaren borondatea aitortu du: "Honek erakusten du nahi denean etxebizitzaren arazoari aurre egin dakiokeela". Era berean, gogora ekarri du Visesaren datorren urteko plangintzan 200dik gora etxebizitza eraki nahi dituztela Iritan, eta horretarako hitzarmen bat sinatuko dutela laster. "Guztira, 456 etxebizitza babestu sustatzen ari gara Zarauzko auzo ezberdinetan".

Etxebizitza sailburuarekin eta Zarauzko alkatearekin batera, Hirigintza zinegotzi Garbiñe Oiarbide, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindos eta proiektua aurrera eraman duten Cooperativa Arquitectura SCP eta Amenabar Eraikuntzak enpresetako ordezkariak izan dira goizeko bisitaldian.

Denis Itxaso, Xabier Txurruka eta Inaxio Illarramendi bizitokietako batean. (Aritz Mutiozabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide