Hasi da Desertu Txikiko eskubaloi festa

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 11

Txaparrotan eskubaloi txapelketaren bigarren asteburua abian da, eta oraingo honetan helduen partidek hartu dute Desertu Txikia. Goizean goiz hasi dira lehenengo jardunaldiak, eta eguneko azken partidak 21:30 inguruan amaituko dira. Azken kanporaketak eta finalak, berriz, bihar arratsaldean jokatuko dituzte.

Giro paregabean ekin diote 21. Txaparrotan txapelketaren bigarren asteburuari. Pasa den igandean jakin ziren haurren kategoriako talde irabazleak, eta oraingo honetan helduen txanda izango da. Goizean goiz hasi da txapelketa Desertu Txikian, eta eguneko azken partidak 21:30 inguruan amaituko dira. Aurreko edizioetan bezala, ikusle eta jarratzaile ugari bertaratu dira joko eremura, talde faboritoak animatzera eta eguneko lehen eguzki izpiez gozatzera.

Urteroko moduan, txapelketak fase desberdinak izango ditu: multzoen fasea, final-hamaseirenak, final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak eta finalak. Bihar ere ordu berean hasiko da lehiaketa, eta 19:00etan emango diote amaiera txapelketari, gizonezkoen finalarekin batera.

Aurten, guztira 128 taldek eman dute izena txapelketa: 40 talde dira emakumezkoenak, 70 gizonezkoenak eta 18 mistoak. Antolakuntzak, ohi bezala, lehentasuna herriko taldeei eman badie ere, hainbat dira Zarautz kanpotik bertaratu diren taldeak: Oriotik, Aiatik, Eibartik (Gipuzkoa), Oñatitik (Gipuzkoa), Daganzotik (Espainia) eta Elorriotik (Bizkaia).

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide