Haurrak izan dira protagonistak gaur Vista Alegreko jaietan

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 11

Goizeko diana jo bezain pronto, auzoko haur eta gaztetxoak kalera irten dira, marrazki lehiaketan sormena erakustera eta Torreoiko krosean indarrak neurtzera. Eguerdian, indarrak berreskuratzeko bazkari herrikoia egin dute auzoko elkartean. Arratsaldean ere izango da zer eginik: futbolin eta ping pong txapelketak antolatu dituzte, baita patata tortilla lehiaketa eta erromeria ere.

Hiru egunez jarraian, festa giroan murgilduta izango dira Vista Alegreko auzotarrak. Atzo iluntzean ekin zioten aurtengo jaietako egitarauari, dardo txapelketa jokatuz eta sardina jana ederraz gozatuz, eta gaur ere izango da zer ospaturik.

Goizean goiz jo dute diana, eta kalera irteten lehenak haurrak eta gaztetxoak izan dira. Aurrena, haien sormena erakutsi dute marrazki lehiaketan, eta ondoren, Torreoiko parkera igo dira, kros txikian parte hartzera. Alde batetik bestera ibili dira lasterka, eta dominak eta sariak jaso ostean, auzoko elkartean elkartu dira, indarrak berreskuratzeko otordu goxoa jateko.

Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 13:30. Haurren bazkari herrikoia.
  • 14:30. Helduen bazkari herrikoia.
  • Ondoren, bingoa.
  • 15:30. Futbolin junior txapelketa.
  • 16:30 Ping Pong Txapelketa.
  • 17:00. Puzgarriak.
  • 19:30. Tunba, orro egiten besterik ez zekien lehoia haur antzerkia, Didau taldearen eskutik.
  • 20:30. Patata tortila lehiaketa.
  • 21:15. Erromeria, Joxe Mendizabalekin.

Bihar, igandea

  • 10:30. Diana.
  • 10:30. Eskulanak eta gorputz margoketa.
  • 12:00. Apar festa.
  • 12:30. Kalejira trikitilariekin.
  • 13:00. Txistorrada.
  • 16:30. Saskiratze eta penalti txapelketa.
  • Ondoren, txokolatada.
  • 17:30. Toka txapelketa.
  • 19:00. Slow Times Blues Band taldearen kontzertua.
  • 21:00. Festa amaierako suziria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide