Diagnostikotik, ekintzara

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 10a

'Naizena naizela onartua' pankarta udaletxeko balkoian. (Zarauzko Udala)

LGTBIQ+ kolektiboaren bizipenak, beharrak eta erronkak jaso dituen diagnostikoa osatuta, protokoloa diseinatuko dute orain, hura oinarri hartuta.

Zarauzko Udalak eta Sudergintzak LGTBIQ+ pertsonen errealitateak "erdigunean" jartzen dituen diagnostikoa osatu dute, "Zarauzko LGTBIQ+ pertsonen errealitatea, bizipenak, beharrak eta erronkak ezagutzea" helburu hartuta. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren hitzetan, "Berdintasun departamentuaren helburuen artean berdintasuna sustatzea dago, eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak eta ongizatea bermatzea ere bai".

Udalak, indarkeria matxista kasuetarako egin duen bezala, LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko protokolo bat egin nahi du, eta horretarako egin dute aurretik diagnostiko lana, "abiapuntua zein den jakiteko".

Hainbat hilabetetako prozesua izan da diagnostikoarena. Ikerketa gauzatzeko, metodologia mistoa erabili dute eta hainbat bilera egin dituzte, iritziak jasotzeko eta jarraipena egiteko. 31 inkesta anonimo egin dituzte online, eta kolektiboko hainbat kiderekin eta haien senideekin sakoneko elkarrizketak ere bai. Parte hartzea borondatezkoa izan da, eta Vazquezek azpimarratu du "garrantzitsuena talde eragilearen sorrera" izan dela. "Hainbat udal teknikarirekin ere kontrastatu da informazioa, baita Turismo arduradunarekin eta kiroldegikoarekin ere, besteak beste", gaineratu du.

Zarauzko LGTBIQ+ komunitatearen errealitatea aztertzerakoan, "turismoaren eta herri izaeraren arteko dikotomiaren eragina nabarmena" dela azpimarratu dute. Zarautzek "bi errealitate uztartzen" ditu. Alde batetik, herri txikia da, eta herri txiki baten ezaugarriak ditu. "Herri txikietan denok ezagutzen dugu elkar, komentarioak eta kritikak egoteko arriskua dago, eta horrek kontrol sozial handiagoa dakar", azpimarratu du zinegotziak. Bestetik, turismoari eta hiritartasunari lotutako dinamikaren barruan dago Zarautz, eta "queer helmuga sarean sartuta dago". Vazquezen arabera, "queer izatearen nahi horrek hobetzeko asmoa dagoela esan nahi du", eta Turismo Bulegoan "Zarautz kolektiboarentzako erakargarri izateko nahia badago".

Hirietan anonimotasuna handiagoa da, eta LGTBIQ+ komunitateko kide askorentzat gune seguruagoak dira hiri handiak. Hala eta guztiz ere, turismoak talde handiak, eta batez ere, gizon taldeak erakartzea dakar, eta horrek "zenbait egoeratan egonezina sortzen diela adierazi dute" diagnostikoan parte hartu dutenek. "Kontraesan nabarmena" deritzo horri Berdintasun zinegotziak.

Ondorioak eta erronkak

Diagnostikoak hainbat ondorio atera ditu argitara. Zarautzen onarpena handitu bada ere, errealitatea ez da bera pertsona guztientzat. Izan ere, "ez da erraza kolektiboaren errealitatea zehazki ezagutzea". 

Ikerketan, homonormalizazioaren fenomenoa aipatzen da: LGTBIQ+ kolektiboak heterosexualek ezarritako arau sozial, kultural eta instituzionalak barneratzeko eta asimilatzeko prozesua.

Etxebizitzen prezioek eta turismoak ere eragina dute LGTBIQ+ kolektiboaren bizi kalitatean. Horrez gain, hezkuntza, kirola, aisialdia eta espazio publikoak aztertu dituzte. Vazquezen hitzetan, "hezkuntza gune seguru gisa identifikatu da, baina kirolean, adibidez, erronka ugari daude".

Adineko LGTBIQ+ pertsonak kolektibo zaurgarrienetako bat dira, eta "arreta berezia" behar dutela ondorioztatu dute. Diagnostikoa egiterakoan, adineko jendearen parte hartzea "oso txikia" izan da.

Etorkizunera begira

Udalak eta Sudergintzak egindako diagnostikoa udal politikak diseinatzeko oinarri izango da, "ez da dokumentu huts izateko sortu", dio Vazquezek. "Lehen pausoa eman dugu, eta hurrengoa protokoloa izango da", nabarmendu du. 

Udalak urte dezente daramatza LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko sentsibilizazio kanpainak gauzatzen. "Maiatzaren 17an, bereziki, kolektiboari ikusgarritasuna emateko elementuak jartzen ditugu", eman du adibidea zinegotziak, baina berdintasunaren ikuspegitik "kezkatuta" daudela eta "lanketa bat egin nahi" dutela gaineratu du. "Indarkeria matxistak guztioi eragiten digu: emakumeoi, noski, baina baita LGTBIQ+ kolektiboari ere", gogoratu du. Horregatik, Vazquezentzat, "guztion eskubideak bermatzeko beharrezkoa da gizartea aldatzea, eta hori denon lana da". Identifikatu diren behar eta erronka nagusien erantzunak protokoloan gauzatu nahi dituzte. Kolektiboaren eskubideak bermatzen jarraitzea izango da helburua. "Zarautz herri irekia dela uste dugu, eta proaktiboak izan behar gara eskubideak defendatzen eta kolektiboari babesa ematen". Aurrepausoak nabarmenak izanda ere, oraindik lan asko dago egiteko. Duela pare bat urte, gauez, Zarauzko taberna batean eraso homofobo bat salatu zuten, eta azken urteetan beste hainbat eraso ere identifikatu dira. "Txikiak edo handiak izan, ezin dugu horrelakorik onartu gure herrian", adierazi du, irmo, Vazquezek.

Zarauzko Emakumeen Etxeko webgunean jarri dute ikusgai LGTBIQ+ pertsonen errealitateak erdigunean jartzen dituen diagnostikoaren dokumentua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide