Gutuna

Zarauzko orkideak: herri barruko altxor txiki baten zaintza kolektiboa

Arkamurka natura elkartea 2026ko uztailaren 12a

Orkideak dituen Zarauzko lorategietako bat. (Arkamurka)

Arkamurka natura elkarteak honako gutuna helarazi dio Zarautz Gukari. Elkarteak "eskerrik beroenak" eman nahi dizkie Zarauzko orkideak zaintzen aritu diren guztiei.

Aurten ere aukera izan dugu Zarauzko orkideekin gozatzeko, eta berriz ere argi geratu da altxor hauek bizirik mantentzea ez dela kasualitatea: jende askoren lan isil eta arduratsuaren emaitza da.

Batetik, badira herritar batzuk urteak daramatzatenak orkideak identifikatzen, sailkatzen eta jarraipen lana egiten. Bestetik, lorezainak daude, orkideak kontuan hartzen dituztenak eta belardiak mozteko garaian zaintza berezia egiten dutenak landareak kaltetu ez daitezen. Guzti hori, azken finean, elkarlan baten fruitua da: ezagutza, ardurak eta begiruneak bat egiten dutenean, naturak erantzuten du.

Askotan ez gara konturatzen mutur aurrean dugun altxorraz. Herri barruko biodibertsitatea zaintzen ikasten dugunean, denok ateratzen gara irabazten: paisaia aberatsagoa, fauna eta flora osasuntsuagoa, eta gure herriarekin dugun lotura sakonagoa.

Horregatik, Arkamurkaren izenean, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu orkideak zaintzen aritu diren guztiei: lan teknikoa egin dutenei, lorezainei, eta, oro har, naturarekiko errespetua eta ardura erakutsi duten herritar guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide