Uxue Alberdik irabazi du 42. Basarri bertsopaper saria

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 8a

Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Garbiñe Oiarbide zinegotzia eta Uxue Alkorta. (Utzitakoa)

Idazle eta bertsolari elgoibartarrak irailaren 4an, ostiralez, kantatuko du bertso sorta Lizardi Sarien finalean, eta txapela eta 1.800 euroko saria jasoko ditu. Basarri saria jasotzen duen laugarren emakumea da Alberdi.

Uxue Alberdi bertsolari eta idazle elgoibartarraren bertso sorta izan da 42. Basarri bertsopaper lehiaketako sariduna. Epaimahaiak aho batez erabaki du Autoan bertso sorta saritzea.

Antolatzaileen esanetan, hamalau lan jaso dituzte aurtengo edizioan, eta askotariko gaiak jorratu dituzte sortzaileek horietan. Gainera, zehaztu dutenez, sariketaren 42 edizioak kontuan hartuta, saria jasoko duen laugarren emakumea izango da Alberdi. Txapela eta 1.800 euroko saria eskuratuko ditu, eta irailaren 4an, ostiralez, kantatuko du bertso sorta, Lizardi Sarien finalean –azken urteetan Bertso Astearen barruan kantatu izan dituzte bertsoak sarituek–.

Aurten epaimahaikide lanetan Uxue Alkorta, Nahikari Gabilondo eta Andoni Egaña aritu dira. Lan irabazleak "azken urteetan ikusi duten neurri handitik txikirako aldaketaren joerari eutsi diola" nabarmendu dute, eta horrek, kontakizunari "erritmo arina eta atsegina" eman dio. Alberdik, "protagonistaren bizitzako etapak deskribatzeko autoak baliatu ditu elementu nagusi gisa, elementu oso konkretuen bidez", eta bere deskribapenarekin, "irakurlea garai haietako bakoitzean kokatzen asmatu du", adierazi du epaimahaiak. Haien esanetan, "gaia lantzeko modu berezia eta originala iruditu zaigu, eta oso maila oneko sorta osatu du”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide