Hodei Esteban: "Erronka handia da niretzat, errespetua ematen dit"

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 8a

Hodei Esteban kontrabaxua jotzen, Gailuren kontzertu batean. (utzitakoa)

Gailu taldean baxu jotzaile dabil Hodei Esteban (Zarautz, 1983), erreferente dituen musikarien ondoan. Igandean, Zelatungo Errockmeria jaialdian joko dute, 12:00etan.

Urte erdi daramazu Gailu taldeko hirugarren kide gisa. Nolako esperientzia izaten ari da?

Oso ona, egia esan. Alde batetik, taldearen zalea nintzen eta taldekideak lagunak nituen, eta bestetik, esperientzi hau beraiekin partekatzea oso interesgarria izaten ari da; izan ere, musikalki ni beste eremu batzuetan ibili izan naiz orain arte, eta teknikoki ere beste erronka batzuri aurre egin behar izan diet –kontrabaxua jotzen ikasi, esaterako–. Beraz, oso motibagarria izan da niretzako. Gainera, oso ongi ari da funtzionatzen, proposamen asko ditugulako zuzenean jotzeko. Azken urteotan zailagoa egin zait halako proiektu batean aritzeko aukera izatea, eta oso gustura nabil.

Mariano Hurtadoren tokia hartu duzu taldean.

Mariano zebilen Drakeren ordez azken urteetan. Drakek diskoak grabatzen jarraitu du, baina nola zuzenekoak jotzeari utzi zion, Mariano zebilen kontzertuetan. Azken hori aita izan denez, ni sartu naiz haren ordez baxua jotzen eta, abesti batzuetan, kontrabaxuarekin.

Norbait ordezkatzea ez da erraza izaten. Erantzukizunik sentitu al duzu?

Bai, erantzukizun handia da. Drake oso baxu jotzaile ona da, errespetua ematen duena, eta bizitza osoan jarraitu dugun erreferente bat. Azken urteetan aritu den Mariano, gainera, profesionala da, ikasia eta jazz munduan aditua. Nire maila hortik oso urruti dago, eta erronka handia da niretzat, errespetua ematen dit. Entsegu batera joan nintzen, nola jotzen zuen grabatu nuen, eta printzipioz, hark egiten zuena errepikatzen saiatu naiz. Orain, nire gauza batzuk sartu ditut, baina ez da hori nire asmoa.

Eta nola suertatu zitzaizun taldean sartzeko aukera?

Lehendik geneukan harremana haiekin. Besteak beste, Estricalla taldean nenbilen garaian, Okene Abrego gurekin etorri zen bira batean, BAP!!-en abesti bat jotzen genuelako eta berak gurekin abesten zuelako; eta Mikel Abregok Occhi di Farfallarekin prestatzen ari garen diskoan kolaboratu du. Ez dakit nola, baina nigan pentsatu zuten, eta ezusteko handia izan zen niretzat. Mikelek Garate estudioetako bulego lanak egiten ditu, eta Occhi di Farfallaren grabaketa datak ixten ari ginela egin zidan taldean sartzeko proposamena. Hasieran txantxetan ari zela pentsatu nuen, baina ez, azalpen guztiak eman zizkidan, eta serio ari zen.

Pentsatzen dut ilusio berezia egingo dizula erreferente izan dituzun musikariak orain proiektukide izateak, ezta?

Dudarik gabe. Aurrez aritu diren taldeen oso zalea izan naiz. Nik Negu Gorriak taldearekin deskubritu nuen musika mundua, eta Mikelen oso zalea nintzen jada. Negu Gorriak hasiera bat izan bazen, gero BAP!! oso gure egin genuen eta hardcore esparruan erreferente garrantzitsua izan zen. Gainera, oso gustuko ditut, zeren beti aurrera egin duen jende bat izan da: Inoren Ero Ni taldea sortu zuten, eta jarraian, Gailu. Beti sortzen ari dira eta ez daude atzera begira, ez dira lehengora itzultzen. Hori oso duina iruditzen zait, eta, zentzu horretan, asko miresten ditut.

Andoainen egin zenuen debuta, otsailaren 28an. Nola oroitzen duzu egun hura?

Taldekideak kontzertua jo aurretik oso urduri jartzen dira. Haiek andoiandarrak izanik, etxean antolatu zuten lehen kontzertu hura, beraien lagunen aurrean, eta, agian, azterketa zailena hura zen niretzako; besteak beste, Drake egongo zelako ikusleen artean, jatorrizko baxu jotzailea eta abesti gehienen sortzailea. Horrek guztiak urduri jartzen ninduen, nahiz eta gero gaixotu egin zen eta ez zen kontzertura joan. Martxoan, ostera, Anarirekin batera jo genuen, eta Drakeri aitortu nion lotsa handia ematen zidala bere aurrean jotzeak. Baina, tira, lehen emanaldi hartan gustura aritu nintzen.

Harrezkero, hainbat kontzertu eman dituzue, Bizi eta ixo diskoa aurkezten. Erantzunarekin gustura al zaudete?

Konturatzen ari gara gazte jendea orain ari dela deskubritzen taldea, eta Bizi eta ixo diskoarekin halako jauzi bat eman dugula. Hasieran intimistagoa zen, poesia errezitatutik gehiago zeukan, eta pixkanaka-pixkanaka, kantu dantzagarriak biltzen joan diren heinean, zuzeneko errepertorio oso dantzagarria osatu dugu. Nabaritzen da kontzertuetan jendea dantzarako zein festarako gogoz egon ohi dela. Urte askoan eskatu izan du taldeak emanaldi konpartituetan lehen taldea izatea, musika lasaiagoa eta introspetiboagoa lantzen zuelako, baina orain beste aurpegi bat erakusten ari da, eta oso mugituak nahiz dibertigarriak izaten ari dira zuzenekoak.

Igande honetan Zelatungo Errockmerian ariko zarete. Toki berezia benetan!

Ni aurretik jota nago bertan Occhi di Farfallarekin, eta leku magikoa iruditzen zait. Berezia da, jotzera ohituta gauden horretatik ezberdina: tokia, paisaia, ordutegia, materiala igotzeko modua... Taldekideek zalantza gehiago zituzten, baina aurreratu nien txoko polita zela eta merezi zuela. Gainera, Gailuk beti aldarrikatu du rural-jazz-punk musika egiten duela, eta baditu nekazaritzari buruzko edota nekazariak aipatzen dituzten abestiak. Beraz, Zelatunen egon beharra geneukan, eta horren plaza mitikora musika berriak eramatea aukera ederra da.

Bestalde, Galder Izagirreren bakarkako proiektuan ere ari zara parte hartzen. Bestelako proposamen bat, ezta?

Galderren proiektua oso berria zen niretzako, elektronikatik asko zeukalako eta kantuak interpretatzeko modua ezberdina zelako. Taldekidez aldatzen duzunean, musika ikusteko modu berriak daude, baina kasu honetan, musikalki ere diferenteagoa zen: elektronika asko, eta pasarte oso mantso asko ere bai, eta nik nire ibilbidean batik bat musika azkarra landu dut. Beraz, proposatu zidanean, oso gustura jaso nuen gonbita. Egia da asko kostatu zaigula zuzenekoetarako batzea, kideok elkarrengandik urrun bizi garelako, baina asko gozatu dugu.

Eta pertsonalagoak dituzun proiektuen inguruan (Erantzun, Occhi di Farfalla…), zer esan dezakezu?

Occhi di Farfallarekin disko berria grabatu genuen urtarrilean eta orain ari gara forma ematen, uda ondoren ateratzeko. Pauso bakoitza gero eta gehiago kostatzen zaigu; gaztetan, guztia azkarrago egiten genuen, baina orain beste lehentasun batzuk ditugu eta tarte gutxiago eskaintzen diogu taldeari. Lasai hartu dugu, beste erritmo batean gabiltz; izan ere, taldeko bi kide Mallorcan bizi dira, eta ez gara nahi dugun guztietan elkartzen. Taldearen ibilbidea amaitzeko asmoa geneukan, baina diskoa prestatzen berriro motibatu gara eta aurrera egiten saiatuko gara, beste behin.

Bestalde, Erantzunen ibilbidea bukatu genuen, baina aurten bilduma batean parte hartzeko proposamena jaso dugu, eta animatu egin gara. 80 taldek parte hartu dute, Espainiako Estatuaren aurkako 30 segundoko abesti banarekin. Urtarrilean elkartu ginen aspaldiko lagunak, kantutxo bat grabatu genuen eta bilduma hori aurki kaleratuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide