Atzo hasi zen Donosti Cup txapelketa, baina gaur, asteartea, eman diete hasiera Astiko futbol zelaietako jardunaldiei. Ohi bezala, aurten ere zenbait neurketa Zarautzen jokatuko dira, eta larunbatera arte izango da futbol partidez gozatzeko aukera. Aurtengoak 32 herrialdetako 910 talde bilduko ditu, eta historiako ediziorik nazioartekoena izango da. Guztira, nazioarteko 90 herrialdetako kideak bilduko ditu; esaterako, lehen aldiz parte hartuko dute Donosti Cup-en Angolako, Hong Kongeko, Estoniako, Mongoliako, Malaysiako, Poloniako, Puerto Ricoko eta Uruguaiko taldeek.
Astiko lehen partidak 15:30ean hasi dira. CDE Quijona City-k BCN junior blue taldearen aurka jokatu du, eta 5-1 amaitu da norgehiagoka. Halaber, Be A Pro taldea ACD Aieteren aurka neurtu da, eta garaipena eskuratu du, 3-0 emaitzarekin. Hernani CD taldeko neskek hiru gol sartu dizkie Be A Pro B taldeari, jardunaldia 0-3 emaitzarekin amaituz.
Arratsaldean zehar beste hainbat partida jokatuko dira. 17:30ean, Amanecer CF taldeak BCN Junior Green taldearen aurka jokatuko du Asti F8 futbol zelaian. Ordu berean, Hispania FF Red eta Futbol Teknika A taldeek neurtuko dituzte indarrak Asti F11 zelaian, eta Atletic San Just FC-k eta Independiente Madridek Asti Txikin. 18:30ean, Texas Lasartearra Independiente Madridekin lehiatuko da Asti F11 zelaian, eta azkenik, ordu berean, Zurriola Ikastolak La Salle Donostia B taldearen aurka jokatuko du Asti Txikin.
Hona hemen Astiko futbol zelaietan datozen ordu eta egunetan jokatuko dituzten neurketa guztiak: