Igande honetan, hilak 12, Aire Zabaleko Pintura Azkarreko Lehiaketa jokatuko dute herrian, eta margolariek beraien trebezia erakusteko aukera izango dute bertan. Artezaleak elkarteak antolatzen du urtero hitzordu hau, Julian Ugarteren omenez. Aurtengoa, zehazki, 61. edizioa izango da.
Ez dute parte hartzeko pertsona kopuru bat ezarri; hau da, nahi duen orok parte hartu ahal izango du lehiaketan. Izen ematea igandean bertan egin beharko da, eta horretarako ordutegia eta lekua ere zehaztu dituzte: 08:15etik 10:00etara izango da mihiseak zigilatzeko aukera, Ebro Etxea egoitzan.
Gaiari eta teknikari dagokionez, margolariek askatasun osoa izango dute sortzerako garaian, biak ala biak libreak izango baitira. Dena den, Artezaleakek zehaztu du obrak Alde Zaharrean edota malekoian egin beharko direla.
Horrez aparte, antolakuntzak gogorarazi du mihisea eta astoa norberak etxetik eraman beharko dituela. Gehienez ere bi mihise zigilatu ahal izango dira pertsonako, eta horietatik bakarra aurkeztu ahal izango da lehiaketara. Lanak 13:00etatik 13:30era entregatu beharko dira, Ebro Etxeako sarrerako lorategian.
Epaimahai eta sariak
Artelanik hoberenak hautatzeaz arduratuko den epaimahaia Artezaleakek hautatuko du, eta hura osatzen duten kideek harremana izango dute elkartearen jardunarekin. Epaileen botoak isilpekoak izango dira.
Hori horrela izanik, bi sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean: lehenengoa Zarauzko Udalaren sari berezia izango da, eta 1.700 eurokoa izango da, eta bigarrena, berriz, 800 eurokoa. Sarien inguruan, antolatzaileek ohartarazi dute aurkeztutako lanek gutxieneko kalitaterik ez badute, sariak eman gabe utz ditzaketela.
Sari banaketa ekitaldia 14:00etan egingo dute Ebro Etxean bertan, eta sarituak izaten diren lanak Zarauzko Udalak jasoko ditu. Hain justu ere, obra horiek Ebro Etxeako sarreran eskegiko dituzte, eta Artezaleak.eus webgunean ere egongo dira ikusgai.
Iaz Jose Luis Lopezek irabazi zuen Aire Zabaleko Pintura Azkarreko lehiaketa. Zarauzko malekoian sortu zuen bere margolana. Izan ere, bere esanetan, "malekoia da Zarauzko leku adierazgarrienetako bat eta, bertan, mugimendua eta paisaia uztartu ditzaket". Lehen saria eskuratu zuen, baina saria jasotzerakoan kontatu zuen moduan, ia ez zen parte hartzera heldu ere egin: "Denbora gutxi izan dut margolana egiteko. Ia azkena izan naiz izena ematen, izugarri kostatu baitzait Ebro Etxea aurkitzea. Gero, 12:00etan etorri naiz lana entregatzera, 13:00 zirelakoan".