Gaur hasiko da Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVIII. Paleta Txapelketa

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 7a

2025eko Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVIII. Paleta Txapelketako finalerdiak. (Guka)

Final-laurdenetako bi partida jokatuko dituzte gaur, Frontoi Txikin, 18:30ean hasita. Lehenengo partidan Alaitz Seoane eta Leire Paredes Ione Azkoagaren eta Vero Davilaren aurka arituko dira, eta bigarrengoan Lorea Laburu eta Miren Lertxundi Ane Campos eta Karmele Martinezen aurka.

Gaur arratsaldean emango diote hasiera Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVIII. Paleta Txapelketari. Ohi bezala, Frontoi Txikin izango dira partidak, 18:30etik aurrera. Aurten ere, zortzi bikote ariko dira lehian, beraz, final-laurdenak jokatuz emango diote hasiera txapelketari. Gaur lehen bi final-laurdenak jokatuko dituzte. Lehenengo partidan Alaitz Seoanek eta Leire Paredesek Ione Azkoagaren eta Vero Davilaren aurka neurtuko dituzte indarrak eta, bigarrengoan, Lorea Laburu eta Miren Lertxundi Ane Camposen eta Karmele Martinezen aurka arituko dira.

Final-laurdenetako beste bi partidak etzi jokatuko dituzte, ordu eta leku berean. Saioa Iraolak eta Maialen Manterolak Jone Iruretagoienaren eta Mireia Aizpururen aurka jokatuko dute. Ondoren, Leire Zubiaurrek eta June Yerobik Marene Aranbarriren eta Lide Mendizabalen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Hasierako kanporaketa gainditzen duten lau bikoteek datorren asteartean jokatuko dituzte finalerdiak, eta bi egun geroago, datorren ostegunean, hirugarren eta laugarren postuak eta final nagusia. Iaz Naiara eta Eneritz Mitxelena ahizpa oiartzuarrek irabazi zuten txapelketa, baina aurten ez dute parte hartuko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide