Espainiako Surf Txapelketak jokatu berri dira Valdoviñoko Pantin hondartzan (A Coruña, Galizia), eta Zarauzko ordezkariek emaitza bikainak lortu dituzte gazte mailako kategorietan. 18 urtez azpiko mailan Oxel Oregi txapeldun izan da, gizonezkoetan, eta Naia Calderon, berriz, txapeldunorde 16 urtez azpiko emakumezkoetan.
Itsaso gogorra izan zuten parte hartzaileek, eta puntan-puntan aritu zirenek erakustaldi ederrak eskaini zituzten txapelketak iraun zuen bi jardunalditan. Oregi bikain aritu zen, eta finalean maila aparta erakutsi zuen, 12.07 punturekin irabazita. Haren atzetik beste bi euskal surflari sailkatu ziren: Oinatz Ortega (9.17) eta Ugaitz Zenarruzabeitia (8.47), hurrenez hurren.
Emakumezkoetan, Oihane Goñik irabazi zuen 16 urtez azpikoetan, 11.34 punturekin, azken unean hartutako olatu bikain bati esker. Ondorioz, Calderon bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 10.27 punturekin; hirugarren Ane Loreiro asturiarra izan zen eta laugarren Irina Ivanova kantabriarra.