Igandean amaituko da Zarautz Futsal Cup txapelketan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 2a

Pasa den urteko Futsal Cup txapelketako partida bat. (Mireia Galarza Bastida)

Parte hartzeko interesa duten taldeek ZKEko areto futboleko sailak prestatu duen galdetegi digitala bete behar dute. Uztailaren 25ean eta 26an jokatuko dute txapelketa, eta aurreko urtetako dinamika bera izango du.

ZKEko areto futboleko sailak antolatuta,  Zarautz Futsal Cup txapelketa jokatuko dute hirugarren urtez uztailaren 25ean eta 26an, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan. Txapelketaren berri eta bertan izena emateko aukera ekainaren hasieran zabaldu zuten, eta inskripzioa egiteko azken eguna igande honetan bukatuko da, uztailaren 5ean. Interesa duten taldeek galdetegi bat bete beharko dute horretarako.

Taldeak gizonezkoenak, emakumezkoenak edo mistoak izan daitezke eta partaideek 2010. urtean edo lehenago jaiotakoak izan beharko dute. Taldeek gutxienez sei parte hartzaile eta gehienez hamar izan beharko dituzte, eta bakoitzak bi koloretako kamisetak izan beharko ditu. Txapelketan parte hartu ahal izateko 100 euro ordaindu beharko du talde bakoitzak. Txapelketaren dinamikari dagokionez, aurten ere Liga eta Kopa formatuan jokatuko dituzte, eta sariak eta zozketak izango dira parte hartzaileentzat.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide