Emakumeen Etxeak arte irteera antolatu du Guggenheim museora hilaren 11rako

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 2a

Bilboko Guggenheim museoa. (Utzitakoa)

Ekainaren 13rako aurreikusita zuten Bilboko museora antolatutako txangoa datorren astean egingo dute. Bisita Maria Jose Aranzasti arte historialariak eta erakusketa komisarioak gidatuko du.

Emakumeen Etxeak antolatutako Bilboko Guggenheim museoa bisitatzeko arte irteera uztailaren 11n izango da, nahiz eta hasierako data ekainaren 13rako jarri zuten. Maria Jose Aranzasti arte historialariaren eta erakusketa komisarioaren eskutik arte garaikideaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta honek Ruth Asawa (atzera begirakoa) eta Igshaan Adams (hautsa altxatzen: gorputzaren artxiboa) museoko aldi baterako bi laginen azalpenak emango dizkie bisitariei.

Irteera 09:45ean izango da, Zarauzko autobus-geltokitik. Halaber, antolakuntzak autobus geltokira aldez aurretik joatea gomendatzen du. Nahiago dutenek, 11:15ean, taldearekin zuzenean museoan elkartzeko aukera izango dute. Bertaratu nahi dutenek honako galdetegi hau betez eman beharko dute izena.

Garraioa eta museorako sarrera bisitari bakoitzaren kontura izango da, eta sarreren prezioa 9 eta 18 euro bitartekoa da. Autobuseko lekua ziurtatzeko helburuarekin, antolatzaileek autobus-txartela aldez aurretik erostea, eta interesa dutenek ahalik eta lasterren izena ematea gomendatzen dute, bisita antolatu eta irteera baieztatu ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide