Uda hasierarekin batera, bueltan da Txaparratotan hondartzako eskubaloi txapelket. 21. edizioa izango da aurtengoa, eta aldaketarik gabe dator. Beti bezalaxe gozatuko dute herritarrek eta parte hartzaileek txapelketaz Desertu Txikian. Haurren hitzordua asteburu honetan izango da; helduek, berriz, hurrengoan jokatuko dute, hilaren 11n eta 12an.
Herriko eskubaloi taldeetako jokalariek eta jokalari ohiek antolatzen duten kirol egitasmoa da hau, eta urtero bezala, aurten ere erantzun bikaina izan du parte hartzeari dagokionez. Horren erakusle da izena eman duen talde kopuru handia: 121 talde haurren txapelketan, eta 128 helduenean; azken horretan kupoa bete dute. Haurren talde kopurua hazi egin da iaztik; helduena, berriz, berdin mantendu da. 1.066 jokalari ariko dira, guztira, txapelketan.
Haurren txapelketari dagokionez, benjaminak, kimuak, infantilak eta egokituak arituko dira lehian asteburuan. Sei joko eremutan jokatuko dituzte partidak: Tablauan, Argiñanon, Santa Barbaran, Kanpinean, Allapuntan eta Mollarrin. Larunbatean, 09:30ean hasiko dira partidak jokatzen, eremu guztietan aldi berean. Igande eguerdira arte, ligaxka jokatuko dute, multzotan banatuta; eta ondoren, kanporaketak jokatuko dituzte, finalera arte: final laurdenak 15:30ean, 16:00etan eta 16:30ean izango dira; finalerdiak, 17:00etan eta 17:30ean; eta finalak, 18:00etan eta 18:30ean.
Benjaminetan 35 taldek eman dute izena: 11 lehiatuko dira nesken mailan eta 24 mutilenean, baina azken horietatik hamar talde mistoak izango dira. Kimuetan 44 taldek eman dute izena orotara, hamazazpik nesken mailan eta 27k mutilenean –horietatik zazpi dira mistoak–. Infantiletan, azkenik, 38 talde lehiatuko dira: 23 nesken mailan eta hamabost mutilenean, mistoa bakarra izanik. Bestalde, lau talde egokitu ere lehiatuko dira, A eta B kategorietan; bi talde Zarauzkoak izango dira, eta beste biak Errenteriakoak (Gipuzkoa).
Helduen liga
Hurrengo asteburuko helduen txapelketa ere sei joko eremutan jokatuko dute. Ligaxkako partidak larunbatean 09:00etan hasiko dira eta igande eguerdira arte jokatuko dituzte. Ondoren, 14:00etatik 18:00etara azken kanporaketak jokatuko dituzte, eta 18:30ean eta 19:00etan finalak.
Emakumeei dagokioenez, 40 talde aurkeztu dira, iaz baino gehiago. Zarauzkoez gain, Orioko, Aiako, Eibarko (Gipuzkoa), Oñatiko (Gipuzkoa), Daganzoko (Espainia) eta Elorrioko (Bizkaia) taldeak arituko dira lehian. Talde mistoak hamar izango dira. Halaber, gizonen mailan txapelketara aurkeztu den talde kopurua emakumeena baino zertxobait handiagoa izan da: 70, guztira.