Xabier Txurruka Zarauzko alkatea Espainiako Diputatuen Kongresuko Etxebizitza eta Hiri Agendaren Batzordean izan da gaur, eta pil-pilean dagoen etxebizitzaren arazoaz hitz egin du bertan. Lurralde eta Hirigintza Antolamenduaren Segurtasun Juridikorako, Hiri Garapenaren Sustapenerako eta Etxebizitzarako Neurri Administratibo eta Prozesalen Lege Proposamena jorratu dute jardunaldian hain justu.
Txurrukak, bere aldetik, Zarautzen etxebizitza eskuratzeko erronkari aurre egiteko azken urteotan egindako lanaren eta jarraitutako prozesu administratiboen berri eman du alkateak. Agerraldian esan duenez, etxebizitza eskuratzea "egiturazko arazo" bihurtu da azken urteotan, eta, haren esanetan, "erronka horrek gizarte kohesioari eragin diezaioke".
Egoeraren aurrean, Zarauzko Udalean "baliabide eta ahalegin guztiak" etxebizitza babestuen "parke zabal bat sustatzera" bideratzen dituztela esan du, "bere aukera guztietan herritarren beharrei erantzuteko". Halaber, esan du jakitun direla etxebizitzaren arazoa ez dutela konpondu, "baina etxebizitza babestuaren sustapenaren bidez Zarauzko mila familia baino gehiagoren etxebizitza-beharrei irtenbidea ematea ahalbidetuko dugu".