Pagoeta mendizale elkarteak Pirinioetara irteera antolatu du uztailaren 18rako eta 19rako

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 30a

Pagoeta mendizale elkartearen aurtengo Lokizko irteera. (Pagoeta mendizale elkartea)

Egun bakoitzean ibilbide desberdin bat egingo dute, lehen egunean 15 kilometro ingurukoa eta bigarrenean 10 kilometro ingurukoa. Bigarren egunean 3.000 metroko tontor bat igotzeko aukera izango da.

Aurten Pirineoetara egingo duten bigarren irteera antolatu du Pagoeta mendizale elkarteak uztailaren 18ko eta 19ko astebururako. Bi ibilbide egingo dituzte bertan, egun bakoitzean bat. Lehen eguneko ibilbidea Sallent de Gallego herrian (Espainia) hasiko dute. Pondiellos bailaran gora egingo dute, Tebarray aintzirara iritsi arte. Behin Tebarray aintziran, bi aukera izango dituzte mendizaleek: batetik, Tebarray gailurrera igotzeko aukera izango dute eta, bestetik, aintzira inguratu eta Infiernoko lepora joatekoa. Bertatik, beherantz abiatuko dira, Bachimañako urtegira iritsi arte. Handik behera jarraituko dute, Casa de Piedra aterpetxera iritsi arte. Bertan amaituko dute 15 kilometro inguru eta 1.500 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea. Antolatzaileek jakinarazi dute luzera eta desnibelaz gain, lehen eguneko ibilbideak ez duela aparteko zailtasunik.

Casa de Piedra aterpetxean gaua igaro ondoren ekingo diote bigarren eguneko ibilbideari. Argualas ur-jauzirantz abiatuko dira mendizaleak. Mallata Baja atzean utzi, eta Mallata Altara iritsiko dira. Gorantz jarraitu, eta Argualas lepora iritsiko dira. Behin Argualas lepora iritsita, bertan izango dute Garmo Negroko gailurra. Bertatik dauden paisaiez gozatu ondoren, beheranzko bidea hartuko dute, Panticosako bainuetxera iritsi arte. Bigarren eguneko ibilbideak 10 kilometro inguru eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dute udako ohiko arropa, beroki edo euritakoren bat, makilak, esku zorroak, bi egunetarako mokaduak eta ura eramatea komeni dela. Horrez gain, motxilan pisu gehiegi ez sartzeko gomendatu dute.

Irteeraren prezioei dagokienez, 25 urtera arteko bazkideek 55 euro ordaindu beharko dituzte, eta 25 urtetik gorakoek, berriz, 90 euro. Bazkide ez direnek, aldiz, 60 euro oraindu beharko dituzte 25 urte bete gabe badituzte eta, 100 euro, 25 urtetik gora badituzte. Honakoa sartzen da prezioaren barruan: joan-etorria autobusez Zarauztik, afaria, lotarako lekua eta gosaria. Ordainketa Kutxabanken 2095 5076 48 1065685215 kontu korronte zenbakian edo Laboral Kutxan 3035 0029 65 0290015562 kontu korronte zenbakian egin daiteke.

Izen emateko bi aukera daude: batetik, pagoetame@gmail.com helbidera idaztea norberaren datuak emanez eta ordainagiriaren dokumentua erantsiz eta, bestetik, uztailaren 2an eta 9an, 20:00etatik 21:00etara Pagoeta mendizale elkartera bertaratzea. Autobusa uztailaren 18an irtengo da, 06:00etan, Zarauzko Agoueseko biribilgunetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide