Ongietorria egingo diete arratsaldean Agirreri eta Urteagari

Intza Trula 2026ko ekainaren 28a

Maite Urteaga atzo, ihesaldian, Espainiako Txapelketan. (RFEC)

Sekulako emaitzak lortu dituzte bi zumaiarrek Sabiñanigon (Aragoi, Espainia): Aitor Agirrek erlojupeko Espainiako Txapelketa irabazi zuen ostegunean Elite mailan, eta Maite Urteagak bigarren postua lortu zuen atzo maila berean, lineako Espainiako Txapelketan. Sailkapen orokorrean, berriz, seigarren amaitu zuen. Biek ala biek egindako balentria txalotzeko ongietorria deitu dute Kofradian, 19:30ean.

Ametsetako astea izaten ari da Aitor Agirre eta Maite Urteaga txirrindularientzat. Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) lehiatu dira bi zumaiarrak azken egunotan, eta bai batak bai besteak aho zabalik utzi dute ikuslegoa. Agirrek pasa den ostegunean erlojupeko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Elite mailan, eta Urteagak bigarren egin zuen atzo maila berean, lineako Espainiako Txapelketan. Lortutako emaitzak ospatu nahi ditu gaur Zumaiak, eta, horregatik, harrera egingo die bi txirrindulariei, 19:30ean, Kofradian.

Agirreri dagokionez, osteguneko erlojupekoan 40:15.46ko denboran egin zituen lasterketako ia 31 kilometroak. Emozioz betetako proba izan zen; izan ere, bigarren sailkatuari, Eloy Terueli, 25 ehuneko besterik ez zizkion atera zumaiarrak. Osteguneko proba ez ezik, lineako lasterketa ere jokatu du gaur Agirrek, baina ez du onenen artean sailkatzerik lortu.

Urteagak, berriz, sekulako erakustaldia eman zuen atzo errepidean. Lasterketa hasi bezain pronto tropeletik ihes egin zuen zumaiarrak, eta bakar-bakarrik joan zen 120 kilometrotan zehar. Elite kategorian zilarra eskuratu zuen egindako lanari esker, Sandra Alonsoren atzetik, eta sailkapen orokorrean seigarren izan zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide