Sanpelaioak ari dira amaierara iristen

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 28a

Goizean zehar adin guztietako jendeak izan du zerekin gozatua: haur jolasak, meza, hamaiketakoa eta gibel jana egin dituzte Iñurritzan. Eguraldia kili-kolo egon bada ere, goizaren zatirik handienean ateri eutsi dio, eta ekitaldiak normaltasunez egiteko aukera izan dute.

Pixkanaka, ari dira bukatzen San Pelaio jaiak. Festetako azken egunean ere, adin desberdinetako herritarrek hainbat ekintzetan hartu dute parte. Euri apur bat egin badu ere, haur eta heldu ugari animatu da Iñurritzako jardueretan parte hartzera.

11:30ean gaztetxoak aritu dira Txipristin taldeak antolatutako haur jolasetan parte hartzen. Azeri buztana, lokotx billeta edo harri orri ar bezalako jolasetan gazteek beraien trebezia erakutsi dute. Haur jolasak amaitzeko, krosa ere egin dute.

12:00etan, berriz, meza hasi da San Pelaio ermitan eta, bitartean, zenbait lagun hamaiketakoa prestatzen jardun da, meza ondoren, kide guztiei sabela bete ahal izateko.

Goizeko ekitaldiekin amaitzeko, atzo goizean oilasko biltzea egin zutenek beraien saritxoa izan dute. Izan ere, gibel jana egin dute, Iñurritza Elkartean, atzoko oilasko biltzean parte hartu zutenentzat.

Gauerdian amaituko dira aurtengo sanpelaioak, baina, bitartean, honako jarduerez gozatzeko aukera izango da Iñurritzan:

Gaur, igandea

  • 19:00. Iñurritzan, herri kirolak Joseba Ostolaza Harri eskolarekin.
  • 20:00. Iñurritzan parrillada, Auzoak bizirik taldearen eskutik.
  • 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
  • 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide