Askorako eman du San Pelaio Bigarrenak ere. Festen amaiera gero eta gertuago dago, baina zarauztarrek ez daukate nekatuta egotearen itxurarik. Gaurkoan, haur zein helduek izan dute zerekin gozatua, eta herritar ugari hurbildu da antolatuta zeuden ekintzetara.
Batzuek goizean goiz hasi dute eguna. Herritar ugari elkartu da lehen eguzki izpiak irten baina lehen Iñurritza Elkartean. Bertan, indarrak hartu eta oilasko biltzera abiatu dira, inguruko baserrietara. Goizean zehar dantzan eta kantuan ibili ondoren, 13:30ean itzuli dira Iñurritzara, azken dantza egitera. Herritar mordoa hurbildu da horra ere, eta dantzariei txalo zaparrada galanta eskaini die.
Arratsaldean, ordea, haurren txanda izan da. 17:00etatik aurrera etxeko txikienek askotariko jarduerekin gozatzeko aukera izan dute Salbatore Mitxelena Ikastolan. 12 eta 18 urte bitarteko gazteak Nerabe Gunean ibili dira. Bertan, esaterako, uretako puzgarriak, ginkana, marrazketa txokoa edo giza-futbolina izan dituzte. Gaztetxoenek, berriz, puzgarriak eta ohe elastikoak izan dituzte gozagarri. Jarraian, kalejira egin dute Musika Plazatik Iñurritzara, Sugarri txaranga eta Zarautz'trik trikitilariek, eta buruhandi eta erraldoiek lagunduta.
18:00etan, berriz, kuir poteoa egin dute, Dj Titiburuk girotuta. Txosnagunean hasi dute emanaldia eta, bertan zenbait kantu dantzatu ondoren, herrigunera abiatu dira, "Dragpelayo disidenteen bila". Txosnagunean eta herrira bidean, herritar ugari animatu da karropoteoan parte hartzera.
Gaur gauerako eta biharko indarrak gordeko zituztek askok, egongo da eta, zerekin gozatu:
Gaur, San Pelaio Bigarrena, Haur eta Gazteen Eguna
- 22:00. Musika plazan, disko festa DJ Nemux-ekin.
- 22:30. Iñurritzako zelaian, bertso jaialdia. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aimar Sorazu, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea: Ion Zaldua.
- 22:30. Putas Amak, Sal del Coche eta La Fulana, txosnagunean.
- Ondoren, Iñurritzan, erromeria Batbita taldearekin.
Bihar, igandea
- 09:00. Iñurritzan, Diana txistulariekin.
- 11:00. San Pelaio ermitan, meza.
- Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza Jai Batzordeak eskainia.
- 11:30. Iñurritzako zelaian, haur jolasak Txipristin taldearekin.
- 14:00. Iñurritzan, gibel jana oilasko biltzean parte hartu dutenentzat.
- 19:00. Iñurritzan, herri kirolak Joseba Ostolaza Harri eskolarekin.
- 20:00. Iñurritzan parrillada, Auzoak bizirik taldearen eskutik.
- 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
- 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.