Ajerik ez da ageri Zarautzen

Intza Trula eta Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 26a

San Pelaio eguneko arratsaldean, besteak beste, balsa karrera, kalejira jendetsua eta erromeria izan dituzte zarauztarrek. Iluntzean ere izango da festa: hitzordu nagusietako bat Gozategiren kontzertua izango da, 22:30ean, Musika Plazan.

Goizeko ekitaldien ostean, San Pelaio eguneko arratsaldeari ekin diote zarauztarrek. Atzoko parrandako ajerik ez da nabari herritarren artean, eta festarako irrikaz jarraitzen dute oraindik ere. Iñurritzan, Musika Plazan zein malekoi inguruan izan da festa giroa arratsaldeko orduetan.

Goiz xamar hasi dute arratsaldea gazteek: balsa karrera egin dute 16:00 aldera, aurreikusitakoa baino ordubete beranduago, hain zuzen. Bederatzi lagun talde animatu dira karrera zoroan parte hartzera, eta bakoitzak eskuz egindako balsarekin zeharkatu du itsasoa, portutik Munoara. Eroriko ugari eta barreak izan dira nagusi ibilbidean zehar, eta ontzia uretaratu orduko apurtu zaion talderen bat edo beste ere izan da. Itsasertzera heldu ala ez, guztiek bete dute helburua: lagunartean ondo pasatzea, eta beroari aurre egitea.

Ordu batzuk beranduago, herritarren marea kalejiran joan da Musika Plazatik Iñurritzara, Ustekabe txarangak, Zarautz'trik trikitilariek eta Lizarrako dultzaineroek girotuta. Bertara iristean, erromeriaz gozatzeko aukera izan dute Erromeria.eus taldearekin, eta berriro ere Musika Plazara kalejiran itzuli aurretik, Larrain dantza egin dute.

Gauerdira arte izango da gaur festa Zarautzen, eta, tartean, Gozategik kontzertua emango du Musika Plazan, 22:30. Ondorengoa da datozen ordu eta egunetarako egitaraua:

Egitaraua:

Gaur, San Pelaio eguna

  • 22:00. Txosnetatik manifestazio feminista: Herriko Festak Ere Gureak Dira!
  • 22:30. Musika Plazan, Gozategi taldearen kontzertua.
  • 22:30. Berba Labanakaz, Higiene eta Siwanaba, txosnagunean.
  • Ondoren, dantzaldia Iratzar taldearekin
  • 22:30. Iñurritzan, erromeria Izer eta Alabierrekin.

Bihar, San Pelaio Bigarrena, Haur eta Gazteen Eguna

  • 05:30. Iñurritza Elkartean, baratxuri zopa banatuko du Iñurritza Jai Batzordeak.
  • 06:00. Iñurritzan, ohiko oilasko biltzearen hasiera.
  • 11:00-14:00. Frontoi Txikin, haurrentzako egurrezko jolasak. (Euria egingo balu Gaztelekuan).
  • 12:00. Lege Zaharren Enparantzatik hasita, erraldoi txikien kalejira, Imuntzo Trikitilari Eskolako trikitilariekin.
  • 13:30. Iñurritzako zelaian, oilasko biltzearen amaiera.
  • 14:30. Denak Etxera! bazkaria, txosnagunean.
  • Ondoren, Anuk eta Eleneren kontzertua, txosnagunean.
  • 17:00. Nerabe gunea (12-18 urte). Puzgarriak, estanpazio tailerra eta ginkana, Haize-orratz Gaztelekuaren eskutik.
  • 17:30. Kalejira Musika plazatik Iñurritzara, Sugarri txaranga eta Zarautz'trik trikitilariek, eta buruhandi eta erraldoiek lagunduta.
  • Ondoren, Iñurritzan haur parkea, eta frontoian apar festa.
  • 18:00. Dragpelayo disidenteen bila, karropoteoa Dj Titibururekin, txosnagunean.
  • 18:30. Iñurritzan, dantzaldia Gauargi taldearekin.
  • 18:30. Iñurritzan, Debrass Band tabernaz taberna ibiliko da.
  • 20:30. Kalejira, Musika plazara itzulera.
  • 22:00. Musika plazan, disko festa DJ Nemux-ekin.
  • 22:30. Iñurritzako zelaian, bertso jaialdia. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aimar Sorazu, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea: Ion Zaldua.
  • 22:30. Putas Amak, Sal del Coche eta La Fulana, txosnagunean.
  • Ondoren, Iñurritzan, erromeria Batbita taldearekin.

Etzi, igandea

  • 09:00. Iñurritzan, Diana txistulariekin.
  • 11:00. San Pelaio ermitan, meza.
  • Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza Jai Batzordeak eskainia.
  • 11:30. Iñurritzako zelaian, haur jolasak Txipristin taldearekin.
  • 14:00. Iñurritzan, gibel jana oilasko biltzean parte hartu dutenentzat.
  • 19:00. Iñurritzan, herri kirolak Joseba Ostolaza Harri eskolarekin.
  • 20:00. Iñurritzan parrillada, Auzoak bizirik taldearen eskutik.
  • 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
  • 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide