Helduen danborradarekin amaitu da sanpelaioetako egun bereziena

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 26a

Gaualdera euria hasi arren, jendetza bildu zen atzo Lege Zaharren Enparantzan. Helduen Danborradaren 25. urteurrena dela eta, 2001ean lehen danborradan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak omendu zituzten. San Pelaio makila Ana Mari Esnalek jaso zuen.

Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiak 12:00etan puntuan botatako txupinazoaren ondoren, helduen txanda izan zen gauean. Gaualdera euria hasi zuen, baina jende ugari bildu zuen ekitaldiak eta herritarrek gogo biziz gozatu zuten danborradaz. Lege Zaharren Enparantzan elkartu ziren zarauztarrak helduen danborrada ikusi eta parrandari ekiteko. 

Ohi bezala, 23:35 aldera sartu ziren danbor joleak plazara. Helduen Danborradaren 25. urteurrena ospatu zuten, 2001ean elkarteen lehen danborrada hartan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak omenduz: Arkaitz Mendiko Iñaki Olazabal Paxo, Hilario Beizama eta Pedro Mari Silvan, Zurbaraneko Santi Negueruela, Urpekoakeko Karlos Etxarte eta Carballeirako Jorge Asorey zena. Hunkituta eta oso eskertuta agertu ziren omenaldiagatik.

Ekarte guztiak bildutakoan, Xabier Txurruka alkateak San Pelaio makila eman zion lehen danborrada haren garaian Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendaria zen Ana Mari Esnali, hainbeste urtez danborradan eta herriko festen antolakuntzan emandako laguntzagatik. Ohiturari jarraituz, gauerdian, plaza osoak Pelaio, Pelaio ereserkia abestu zuen.

(Argazkiak: Arnaiz Rubio Aprea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide