Beste behin, historia egin du Nadia Erostarbe Zarauzko surflariak. Munduko hamar surflari onenen artean sartu da, Saquareman (Brasil) jokatutako Vivo Rio Pro txapelketan hirugarren geratu ostean. Brasilen jokatutako Championship Tour-eko seigarren txapelketako finalerdietan ezin izan zuen Tya Zebrowski frantziarra mendean hartu, baina hirugarren kanporaketan Caitlin Simmers munduko txapelduna garaitu zuen Erostarbek. Horrela, beste txapelketa gogoangarri bat osatu du, eta Championship Tour-eko sailkapeneko hamargarren postuan sailkatu da.
Lortutakoa oraindik ezin sinestuta, gaur goizean iritsi da etxera Erostarbe, etxetik kanpo lau hilabete igaro ostean. Arratsaldean, berriz, ongietorria egin diote Zarauzko surf klubaren atarian. Beroa ez da aitzakia izan Erostarberen familiakoentzat, lagunentzat eta zaletuentzat, eta dantza, bertso eta txalo zaparrada hunkigarriak eskaini dizkiote. Zarauztarrak, malkoei ezin eutsita, bertaratu direnei eskerrak eman dizkie, eta “lau hilabete etxetik kanpo igaro ostean” halako ongietorri bat jasotzea “ederra” dela aitortu du.