Alokairuan bizi den familia bat uda sasoian etxetik bidali nahi dutela salatu du Etxebizitza Sindikatuak

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 23a

Sindikatuaren arabera, etxejabeak uda sasoian familia etxetik bidali nahi du etxeari are etekin handiagoa ateratzeko. Maizterrari ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua, baina etxean jarraitzea erabaki du, gutxienez bost urteko epe luzeko alokairu kontratua dagokiola argudiatuta. Egoera salatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko, elkartasun argazkia aterako dute ostegunean, sindikatuak deituta. 

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak jakitera eman duenez, iruzurrezko aldi baterako alokairu kontratu baten biktima izan da familia bat Zarautzen. Dirudienez, kontratu mota hori baliatuta, etxejabe batek emakume bat eta bere bi alaba –bat adingabea– etxetik bidali nahi ditu uda garaian, etxeari are etekin ekonomiko handiagoa ateratzeko uztailean eta abuztuan. Sindikatuaren arabera, joan den urritik bizi da familia etxe horretan, eta ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua. 

Sindikatuak salatu du emakumeak hogei urte daramatzala Zarautzen bizitzen, eta egun bere familiarekin bizi den etxea beraien bizitoki bakarra dela; ondorioz, legez kanpokoa litzateke aldi baterako alokairu kontratua izatea. Gutxienez bost urteko epe luzeko alokairu kontratua dagokiela azaldu du sindikatuak.

"Duela hilabete batzuk jakinarazi zieten familiari uda sasoian etxetik alde egin beharko zutela, eta, bitartean, etxearen iragarkia Idealistaren atarian aurkitu zitekeen: hilean 5.500 euroren trukean alokatu zitekeen uztailean eta abuztuan, eta 3.500 euroren trukean irailean. Halaber, sindikatutik etxearen jabearekin harremanetan jarri ginenean, iragarkia berehala ezabatu zuten", dio sindikatuak. Denbora horretan, maizterrak hileroko 1.100 euroko errenta ordaintzen jarraitu duela gaineratu dute. 

Kontratuak "irregulartasun ugari" dituela, eta sindikatua etxejabearekin eta haren abokatuarekin harremanetan jarri eta negoziatzen saiatu denetik haiek kontratua moldatzeko "inongo borondaterik erakutsi ez" dutela salatu du sindikatuak. "Kontratuaren legezkotasunari buruz eztabaidatzea saihestu dute uneoro, eta maizterrari mesede bat egingo baliote bezala jokatu dute gainera". 

Egoeraren aurrean, eta nora joan ez dutenez, maizterrak eta haren familiak kontratua amaitutakoan ere etxean geratzea erabaki dutela jakinarazi du sindikatuak; bitartean, etxejabearekin negoziatu nahian dabiltza, euren kontratua epe luzerako kontratu bezala aitortua izan dadin. 

Elkartasun argazkia

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak azpimarratu du gaur salatutako egoera "herri eredu kapitalistaren adierazpen bat gehiago" dela, "irabaziak lehenesten dituen gizarte ereduarena". "Langile klasea Zarauztik kanporatzen ari dira alokairu ordainezinekin, bizitzaren garestitzearekin nahiz aldi baterako alokairuekin. Horren aurrean, antolatzea eta borrokatzea da geratzen zaigun bide bakarra, halako egoerek ez dezaten lekurik izan ez Zarautzen ez inon". 

Egoera salatzeko eta familiari babesa emateko, elkartasun argazkia aterako dute ostegunean, San Pelaio jaien lehenengo egunean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide