Nadia Erostarbek hirugarren postua eskuratu du Vivo Rio Pro txapelketan

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 22a

Nadia Erostarbe Vivo Rio Pro txapelketan. (WSL)

Zarauztarrak bere ibilbideko emaitza onena berdindu du Caitlin Simmers munduko txapelduna kaleratu ostean. Lehen aldiz munduko hamar surflari onenen artean sartu da Erostarbe.

Historia egin du Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak. Munduko hamar surflari onenen artean sartu da Erostarbe, Vivo Rio Pro txapelketan hirugarren geratu ostean. Saquareman (Brasil) jokatu du Championship Tour-eko seigarren txapelketa, eta finalerdietaraino iritsi da. Finalerdietan Tya Zebrowski frantziarra izan du parean, eta Erostarbek ezin izan du finalerako txartela eskuratu. Hirugarren postuarekin bere ibilbideko emaitza onena berdindu du zarauztarrak.

Lehenengo kanporaketan Yolanda Hopkins portugaldarra garaitu zuen Erostarbek eta, bigarrengoan, Molly Picklum australiarra. Ezustekoa, ordea, hirugarren kanporaketan iritsi zen. Zarauzko surflariak Caitlin Simmers estatubatuarra izan zuen parean. Simmers faborito argia zen, baina olatu gogoangarri batzuk hartu ostean, Erostarbek lortu zuen finalerdietarako txartela.

Brasilen lortutako 6.085 puntuen ostean, lau postu aurreratu ditu zarauztarrak Championship Tour-eko sailkapenean, eta hamargarren postuan sailkatu da, Tyler Wright australiarraren atzetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide