Santa Klarako ondarea birgaitzeko proiektua aurrera doala ziurtatu du EAJk

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 23a

Santa Klara komentua. (Intza Trula)

Komentua birgaitzeko obren lehen fasea bukatu dute, eta birgaitze energetikoa egingo dute orain, Europako Next Generation funtsetatik jasotako hiru milioi eurori esker. EAJren udal taldeak EH Bilduren "jarrera aldaketa" salatu du Santa Klararen etorkizuneko erabileraren inguruko parte hartze prozesuan "oposizio zuzena" egitetik prozesuaren "interpretazio partziala" egitera igarotzeagatik. 

Zarauzko EAJk adierazi duenez, bide onetik doa Santa Klara komentuko proiektua. Jeltzaleek ohar bidez azaldu dutenez, EAJren udal taldeak duen "irmotasunari, ikuspegiari eta kudeaketa arduratsuari esker" jarraitzen du aurrera proiektuak, eta adierazi dute Gipuzkoako ondarearen zaharberritzean "erreferentziazko jarduera" bilakatu dela Zarauzkoa.

2021. urtean erosi zuen udalak Santa Klara komentua, eta azterketa teknikoak eta hirigintza erabaiak hartuta, Next Generation Europako funtsetatik hiru milioi euroko diru laguntza jasoko du udalak, komentuaren birgaitze energetikorako. Horrek ahalbidetuko du herritarren zerbitzura egongo den kultur ekipamenduko ateak irekitzea.

Eraikina birgaitzen hasi dira jada, eta erabilera publikorako egokitu dute. Etorkizunean "funtzio anitzeko kultur espazioa" izango da Santa Klara EAJren arabera, herritarrak "sortzera, trebatzera eta elkartzera" bideratuko dituen lekua. Halaber, EAJk esan du "herritar guztiei zuzendutako ikultur ekipamendua" izango dela.

Alderdi jeltzalearen esanetan, Santa Klara "birgaitzea zehazteko etapa berri batean" murgildu da: "Helburua da udalerrian kultur ekipamendu berria garatzea, proiektuari zentzua, erabilgarritasuna eta etorkizuneko proiekzioa ematen dion parte hartze eraginkorra bermatuta."

EAJk esan du Santa Klarako proiektuaren definizioa herritarrak erdigunean jarrita egin behar dela, eta hori horrela izanik, bidea "herritar pila bat batu zituen" ate irekien jardunaldia eginda hasi zutela gogorarazi du. Hara joandako herritar gehienek komentuaren erabilera kulturara bideratzearen alde egin zutela ere adierazi du EAJk, eta zehaztu du Santa Klara Lab prozesua hasi zutenean zehaztu zutela komentua kultur ekipamendu bilakatuko zela.

Horri lotuta, EH Bilduren jarrera aldaketa salatu du EAJk, Santa Klara Lab parte hartze prozesuaren aurkako "oposizio zuzena" egitetik prozesu horren "interpretazio partziala" egitera igaro zela iritzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide