M proiektuaren aldeko apustua egin du udalak, emakumeak jarduera fisikoa egitera animatzeko

Intza Trula 2026ko ekainaren 22a

Inaxio Illarramendi, Goizane Alvarez eta Gloria Vazquez, gaur goizean, M proiektuaren aurkezpenean. (Intza Trula)

Kirolik egiten ez duten emakumeei zuzendutako programa da. Irailean hasiko da, eta astean saio bat eskainiko dute, apurka-apurka pertsona horiek jarduera fisikoa egiten hasteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da, eta Irunen egin dute proiektu pilotua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol departamentuak eta Zarauzko Udalak elkarlanean, M proiektua jarri dute martxan herrian. Proiektuaren helburua garbia da: kirolik egiten ez duten emakumeak jarduera fisikoa egitera animatzea. Horretarako, ikasturtean zehar kirol saioak eskainiko dituzte; astean behin izango dira, datorren irailetik maiatzera bitartean, hain justu ere.

Goizane Alvarez aldundiko Kulturako eta Kiroletako arduradunak, Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Parekidetasuneko eta Eraztun Berde Urdineko zinegotziak eta Inaxio Illarramendi Kiroleko, Ingurumeneko eta Animalien Ongizateko zinegotziak eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak gaur goizean, Emakumeen Etxean. Vazquezek jakitera eman duenez, asmoa da bi talde osatzea, bakoitza hamabi pertsonakoa, eta bakoitzak bere ordutegia izango du. Lehenengoa taldeari dagokionez, astearteetan 10:00etan elkartuko da; bigarren taldea, berriz, ostegunetan 17:00etan.

Zarauzko Emakumearen Etxean egingo dituzte aipatu saioak, eta Maddi Sukuntza jarduera fisikoan espezializatutako monitoreak zuzenduko ditu. Goizane Alvarez Kulturako eta Kiroletako arduradunak azpimarratu nahi izan du jarduerak parte hartzaileen baldintzetara eta beharretara egokituko dituztela, "ariketa fisikoan pixkanaka, modu seguruan eta atseginean hasten laguntzeko".

Emakumeen Etxea izango da erreferentziako espazioa ikasturtearen hasieran, eta, ondoren, parte hartzaileei kirola egiteko ohiko espazioetarantz lagunduko zaie, eta programan zehar sortutako loturak eta laguntza taldeak manten ditzaten.

Parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman beharko dute, eta horretarako azken eguna uztailaren 31 izango da. Inskripzioa egiteko Emakumeen Etxeko harrerara jo daiteke, 943-00 51 36 telefonora deitu, 688 772 133 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali, edota emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera mezu elektronikoa idatzi.

Zarautz, proiektura batzen bigarrena

Alvarezek kontatu duen moduan, Irunen egin dute proiektu honen proba pilotua, eta, beraz, Zarautz da martxan jarriko duen bigarren herria. Irungo esperientzia "oso positiboa" izan dela aipatu du, eta kontatu du aurrera begirako asmoa dela "lurraldeko beste leku batzuetara zabaltzea". Proiektua sortzearen zergatiez ere mintzatu da: "Badakigu emakumeek jarduera fisiko gutxiago egiten dutela, eta askok lehenago uzten dutela. Errealitate horren atzean denbora falta, zaintza-erantzukizunak, segurtasunik eza edo eroso sentitzeko espaziorik eza daude. Kontua ez da emakumeei egoztea kirolik ez egitearen ardura, zailtasunak eragiten dizkieten oztopoak kentzea baizik. M proiektuak lehen urratsa emateko laguntza, segurtasuna eta konfiantza eskaintzen dizkie".

Vazquezek, bere aldetik, adierazi du Emakumeen Etxea "leku bereziki egokia" dela programarako: "Emakumeen etxea gure espazioa da, Zarauzko emakumeak bildu eta elkarrekin egoteko lekua da, ahalduntzeko, hausnartzeko, babesteko eta partekatzeko. Espazio segurua da, non ez garen epaituak sentitzen. Horregatik da leku aproposa elkarrekin kirola egiten hasteko".

Ildo beretik, Illarramendik dio M proiektua kirolik egiten ez duten emakumeentzat "jarduera fisikoa egiten hasteko sarbide irisgarria" izan daitekeela. "Udalak nahi duena da gero eta jende gehiagok ikustea kirolak osasunari, ongizateari eta bizi-kalitateari dakarzkion onurak. Pozgarria da Zarautz ekimen hau garatzen Gipuzkoako udalerri aitzindarietako bat izatea", gehitu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide