Malen Monasterio une gozoak bizitzen ari da. Halterofiliako maila gorenetan bere lekua aurkitu du, eta oraingo honetan Espainiako txapelduna izan da 53 kiloko kategorian ikustaldi bikaina eskainita. Zarauztarrak bideratuta utzi ditu Europako Junior Txapelketa eta Munduko Txapelketa absolutua.
Monasterio "oso pozik" agertu da emaitzarekin. Azaldu du helburua Munduko Txapelketako "marka minimoa" lortzea zuela, eta azken saiakeran lortu zuen, "emozio askoko" unea bizita. Halaber, "azken hilabeteetan egindako lanak bere fruituak izan dituela" ikusi du, izan ere, aurreko txapelketak ez zitzaizkion berak nahi bezala joan. "Aurtengo helburu nagusia, urrian jokatuko dudan Europako Junior Txapelketa eta Munduko Txapelketa absolutua prestatzea dira", nabarmendu du zarauztarrak.