Yuri Berchiche zarauztarrak beste denboraldi batez Athleticen elastikoa jantziko du. 2027ko ekainaren 30era arteko kontratua sinatu dute bi aldeek gaur bertan, San Mamesen.
36 urteko ezker hegalekoak "maila bikaina erakutsi du beste behin ere azken denboraldi honetan" taldearen esanetan, guztira 39 partida jokatuta, horietako 35 hasierako hamaikakoan. Akordioa gaur sinatu dute, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendari nagusia bertan zirela.
Zarauztarrak bederatzigarren denboraldia beteko du Athleticen lehen taldean. 2018/19 denboraldian itzuli zen Lezamara Paris Saint-Germainetik, Athleticen kadete eta gazte mailetan bi urtez aritu baitzen lehenago.
Athleticek nabarmendu du Berchice erreferente bihurtu dela Athleticeko ezker hegalean. "Guztira 278 partida jokatu ditu, 15 gol sartu eta hainbat eta hainbat asistentzia eman ditu. Harmailaren ikurretako bat da bere lehiakortasunagatik eta taldearen armarria defendatzeko erakusten duen grinagatik", esan du klubak. Eta gogorarazi du zuri-gorriekin 2023/24 denboraldiko Kopa eta 2021eko Superkopa irabazi zituela.