Helmuga gastromiko gisa indartzeko lehen pausoa

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 19a

Zurekin ostalari elkarteak, Zarauzko Udalarekin elkarlanean, Gastro Zarautz Esperientzia egitasmoa egin zuen atzo estreinakoz, Zarautz gastronomiaren mapan kokatzeko. Bertan, Karlos Argiñano sukaldaria omendu zuten, zeregin horretan egindako lan-eskergatik.

Gastro Zarautz Esperientzia egitasmoak hartu zuen atzo eguerdian Aiala ostalaritza eskolak, proiektu estrategiko bati hasiera emateko: Zarautz nortasun propioa duen helmuga gastronomiko gisa indartzea. Ekitaldia Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak antolatu zuen, Zarauzko Udalarekin lankidetzan, eta, guztira, 60 gonbidatu inguru bildu zituen otordu berezi baten ingurumarian; besteak beste, erakunde publikoetako ordezkariak, ekoizleak –Getariako Txakolina, Sagardogile Elkartea eta Merkatua Bizirik–, sortzaileak eta komunikatzaileak. Zarauzko gastronomiari dagokion balioa eta garrantzia erdigunean jartzearekin batera, omenaldi hunkigarria egin zioten Karlos Argiñano sukaldariari, zeregin horretan egindako enbaxadore lanagatik eta ekarpen guztiagatik.

Ekitaldiari ongietorriko zizka-mizka batzuekin eman zioten hasiera, non Kimu txalapartako kideek alaitu zuten giroa eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Lierni Osa harrijasotzaileen erakustaldiak ikusmina piztu zuten. Jarraian, proiektu estrategikoaren nondik norakoak xehatu zituen Maider Izagirre Zurekin elkarteko koordinatzaileak, herriko ostalariekin, ekoizleekin eta artisauekin eginiko aurkezpen bideoaren ondoren. "Nortasuna, produktua, pertsonak eta kultura. Kultura txertatu dugu zerrenda honetan, gastronomia artea dela iritzi diogulako. Eskuz eta arimaz egiten dena", azpimarratu zuen Izagirrek.

Horren erakusgarri, Zarauzko bost jatetxetako sukaldariek egoerarako ondu zuten menua izan zen, herriko ekoizleen produktuekin: Argiñano jatetxeko Zigor Argiñanok eta Maria Torrersek Hegaluze entsalada eskabetxe arinean, Urola Kostako tomate eta piperrekin prestatu zuten; Masta jatetxeko Gari Arruabarrenak lekak Basobeltz baserriko potxa saldarekin eta labanekin; Aiten Etxe jatetxeko Rebeca Baraikak txipiroia parrilan, morroi erredukzioarekin eta Blas-Eneako zainzuri kimuekin; Gure Txokoa jatetxeko Jose Mari Mitxelenak antzina minhota arrazko txuleta; eta azkenbururako, Kirkilla-Enea jatetxeko Xabier Zabalak eta Iñigo Manterola artistak elkarlanean sortutako gerezia, jogurta eta banilla. Sukaldariek eta ekoizleek gonbidatuek dastatu zituzten jakien inguruko azalpenak eman zituzten otorduan zehar.

Belaunaldi baten inspirazio

Sardexkak eta goilarak eskuetan hartu baino lehen, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Martin Argiñano Zurekin elkarteko presidenteak aitortza egin zioten Karlos Argiñanori. Alkateak malekoian dagoen Dora Salazarren Torsion compensada eskulturaren erreplika oroigarria oparitu zion sukaldari entzutetsuari, eta Martin semeak eta Zurekineko kide Paxku Expositok, berriz, Iñigo Manterolak eginiko erretratua. Gainera, Jalgi dantza taldeko bi kidek Aurresku berezia egin zioten, txalaparta doinuz lagunduta.

"Zarautzek gastronomian duen izena, neurri handi batean, zuri zor dizu. Zure lana, zure eskuzabaltasuna... belaunaldi osoentzat inspirazio iturri da", esan zuen Martin Argiñanok. Ildo beretik, Txurrukak eskerrak eman zizkion "Zarautzekiko erakutsitako maitasunagatik eta Zarautzerako egin duzun guztiagatik".

Ekitaldia biribiltzeko, otordua prestatzen aritu ziren sukaldariek familia argazkia atera zuten Karlos Agiñanorekin, eta itxiera instituzional gisa, berriro hartu zuten hitza Zarauzko alkateak eta Zurekineko presidenteak. "Zarautz berezko nortasuna duen herri gastronomikoaren posizionamendua indartzea bilatzen du Gastro Zarautz lehen egitasmo honek. Tokiko ekosistema batuz, sukaldariak, ekoizleak, artizauak eta ostalaritza eskolak, eta hori bultzatu nahi dugu. Zarautz gastronomiaren mapan merezi duen mailara igotzeko. Guztiontzat harro egoteko moduko tokiko produktuak lantzen duten pertsonak balioetsiz", zehaztu zuen Txurrukak.

Martin Argiñano argi eta garbi utzi nahi izan zuen Gastro Zarautz Esperientzia ez zela une horretan bukatzen. "Aitzitik, gaur hasten da. Formakuntza, aktibazio gastronomikoak... urtean zehar jarraituko dugu Zarautz mapa gastronomikoan kokatzen", seinalatu zuen. Egin nahi dituzten aktibazio jardueren artean, besteak beste, ostalarientzako formazioak –pintxo eta parrilla tailerrak– eta ekoizleekin ekitaldiak egitea aurreikusi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide