Sanpelaioak 2026

Kontzertu bereziak, urteurrenez betetako sanpelaioak biribiltzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 19a

San Pelaio jaien aurkezpena, atzo. (Onintza Lete Arrieta)

Iñurritzako San Pelaio ermitaren aurrean aurkeztu dituzte aurtengo San Pelaio jaiak udal ordezkariek eta festetan parte hartzen duten eragileek. Izan ere, aurten 175 urte dira ermita bedeinkatu zutela. Egitaraua ohikoa izango da, baina ermitan bertan kontzertua emango du Udaberri abesbatzak hilaren 24an, asteazkenean, eta Lege Zaharren Enparantzak Gozategiren kontzertua hartuko du San Pelaio egunean.

Atzo, osteguna, Iñurritzako San Pelaio ermitaren aurrean atera zuten talde argazkia San Pelaio jaiak antolatzen dituzten eragileek eta udal ordezkariek. Xabier Txurruka alkateak azaldu zuen festak han aurkeztearen arrazoia: aurten 175 urte bete dira ermita bedeinkatu eta lehen ospakizun eukaristikoa egin zutela. Horregatik, aurtengo festetako berrikuntzetako bat ermitari lotuta dator; izan ere, Udaberri abesbatzak kontzertua eskainiko du eraikin horretan datorren asteazkenean, hilaren 24an. Festen atariko saioa izango da, hain zuzen. 

Aurtengo beste nobedadea beste emanaldi bat izango da, Gozategik hilaren 26 gauean Lege Zaharren Enparantzan eskainiko duena. "Herritarren eskaerei eratzunez" hartutakoa izan dela esan zuen Txurrukak. "Herritarrek Aste Nagusikoak bezalako kontzertuak eskatzen zizkiguten, eta aurten San Pelaio eguna ostirala egokitu denez, eguna luzatzeko aukera izango du askok, eta gauean kamioia zabalduko dugu udaletxe aurrean, denok Gozategiren kontzertuaz gozatzeko", azaldu zuen. Plazako kioskoan arranpla jarriko dute, eta behar bereziak eta mugikortasun arazoak dituztenek handik jarraitu ahal izango dute kontzertua. Ahal bada aurrez Turismo Bulegoan izena emateko eskatu zuen alkateak.

Sanpelaioen ikur nagusi diren danborradak ere aipatu zituen, helduenak 25 urte betetzen dituelako aurten, eta horregatik, lehen danborrada antolatu zuten elkarteei eta hango partaideei herriaren esker ona adieraziko diete, eta makila Ana Mari Esnalek jasoko du

Erraldoi eta buruhandien topaketa ere aipatu zuen, "aurten inoiz baino konpartsa gehiago" elkartuko direlako Lege Zaharren Enparantzan, "haurrek hori eta gehiago merezi dutelako". 

Zapiak, banderak eta tren zerbitzuak

Gaurtik aurrera sanpelaioetako banderak doan eskuratu ahalko dira Turismo Bulegoan, eta zapiak, berriz, hilaren 25ean, ostegunarekin, banatuko dituzte, horiek ere doan. Txurrukak herritarrak gonbidatu zituen balkoiak banderekin apaintzera, eta zapi berriak eskuratu aurretik, etxean dituztenek horiek berrerabiltzera animatu zituen. 

Informazio praktiko gehiago ere eman zuten atzoko aurkezpenean, hilaren 25ean eta 26an tren zerbitzu berezia eskainiko baitu Euskotrenek. 

Alkateak herriko elkarte eta eragileei esker ona adierazi nahi izan zien, haiek gabe festarik antolatzerik ez legokeelako.

Egitaraua:

Ekainak 24, asteazkena

  • 11:00. Udaberri abesbatzaren kontzertua, San Pelaio ermitan. San Pelaio ermitaren bedeinkapenaren eta lehen ospakizun eukaristikoaren 175. urteurrena.

Ekainak 25, osteguna, San Pelaio bezpera

  • 12:00. Suziriak eta txupinazoa, jaiei hasiera emateko, udaletxeko balkoitik. Alkateak Makila emango dio Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari.
  • Ondoren, erraldoi eta buruhandiekin kalejira, Igandea txarangarekin.
  • 18:30. Iñurritzan, poteo girotua ezusteko DJ batekin.
  • 18:30. Haurren XLVI. Agerraldia, Igandea, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta (Antolatzailea: Haur Kultur Taldea). Ibilbidea: Azken Portu, Iñurritza, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoak.
  • 20:00. Lege Zaharren enparantzan, talde guztiak elkartu eta elkarrekin joko dute.
  • 21:30. Lege Zaharren enparantzan, DJ BON nerabeentzat.
  • 23:00. XXV. Danborrada Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta. Lehen taldearen ibilbidea: Musika Plaza, Kale Nagusia, San Frantzisko kalea, Herrikobarra, Foruen kalea, Lege Zaharren Enparantza, Zigordia kalea, Kiriki kalea, Patxiku kalea, Santa Marina, Herrikobarra, San Frantzisko eta Zigordia kalea. Bigarren taldearen ibilbidea: Zigordia kalea, San Frantzisko kalea, Herrikobarra, Iturribide, Bizkaia kalea, Foruen kalea, Lege Zaharren Enparantza, Zigordia kalea, Musika Plaza, Kale Nagusia, San Frantzisko kalea eta Zigordia kalea. Hirugarren taldearen ibilbidea: Ipar kalea, Musika Plaza, Ipar kalea, Santa Marina, Herrikobarra, Foruen kalea, Lege Zaharren Enparantza, Zigordia kalea, Orape kalea, Kale Nagusia, San Frantzisko kalea eta Zigordia kalea.
  • 23:30. Iñurritzako zelaian, dantzaldia Fan&Go taldearekin.
  • Ondoren, txupinazoa Iñurritzako zelaian.
  • 23:45. Danborradako ordezkariek San Pelaio makila emango diote Ana Mari Esnali eta Zarauzko Udalak 2001ean helduen lehen danborradan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak omenduko ditu: Arkaitz Mendi elkarteko Iñaki Olazabal Paxo, Hilario Beizama eta Pedro Mari Silvan, Zurbaran elkarteko Santi Negueruela, Urpekoak elkarteko Karlos Etxarte eta Carballeira elkarteko Jorge Asorey zena.
  • ​​​​​​00:00. Lege Zaharren enparantzan, bandera igoera, txupinazoa eta San Pelaioren ereserkia, Musika Bandaren laguntzarekin.
  • Ondoren, kalejira Musika Plazara Igandea txarangarekin.
  • Ondoren, DJ BON Lege Zaharren Enparantzan.
  • 00:30. Musika plazan, Oxabi taldearen emanaldia.
  • Aldi berean, danborrada herriko kaleetan zehar ibiliko da.

Ekainak 26, ostirala, San Pelaio eguna

  • 09:00. Diana trikitilari eta dultzaineroekin.
  • Aldi berean, Iñurritzan, diana txistulariekin.
  • 11:00. San Pelaio ermitan, meza nagusia.
  • 11:30. Lege Zaharren enparantzan, Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko VIII. Topaketa. Parte hartzaileak: Errotxapeako Erraldoien Konpartsa, Pasaiko Erraldoi Konpartsa, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa, Izugarria Hondarribiako Erraldoiak, Salbideko Erraldoiak eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea Lizarrako dultzaineroak lagunduta.
  • 12:00. Topaketan parte hartzen duten erraldoi eta buruhandien kalejira.
  • 12:30. Iñurritzako zelaian, aurreskua dantzatuko dute Iñurritzako gazteek.
  • 13:00. Merkatu Plazako lehen solairuan, Zarauzko Musika Bandaren kontzertua.
  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara, Ustekabe txaranga, eta Zarautz'trik trikitilariek eta Lizarrako dultzaineroekin batera.
  • 18:00. Iñurritzako zelaian, dantzaldia Erromeria.eus taldearekin.
  • 20:00. Larrain dantza herrikoia, Lizarrako dultzaineroekin.
  • 20:30. Kalejira Musika Plazara.
  • 22:30. Musika Plazan, Gozategi taldearen kontzertua.
  • Ondoren, dantzaldia Iratzar taldearekin
  • 22:30. Iñurritzan, erromeria Izer eta Alabierrekin.

Ekainak 27, larunbata, San Pelaio Bigarrena, Haur eta Gazteen Eguna

  • 05:30. Iñurritza Elkartean, baratxuri zopa banatuko du Iñurritza Jai Batzordeak.
  • 06:00. Iñurritzan, ohiko oilasko biltzearen hasiera.
  • 11:00-14:00. Frontoi Txikin, haurrentzako egurrezko jolasak. (Euria egingo balu Gaztelekuan).
  • 12:00. Lege Zaharren Enparantzatik hasita, erraldoi txikien kalejira, Imuntzo Trikitilari Eskolako trikitilariekin.
  • 13:30. Iñurritzako zelaian, oilasko biltzearen amaiera.
  • 17:00. Nerabe gunea (12-18 urte). Puzgarriak, estanpazio tailerra eta ginkana, Haize-orratz Gaztelekuaren eskutik.
  • 17:30. Kalejira Musika plazatik Iñurritzara, Sugarri txaranga eta Zarautz'trik trikitilariek, eta buruhandi eta erraldoiek lagunduta.
  • Ondoren, Iñurritzan haur parkea, eta frontoian apar festa.
  • 18:30. Iñurritzan, dantzaldia Gauargi taldearekin.
  • 18:30. Iñurritzan, Debrass Band tabernaz taberna ibiliko da.
  • 20:30. Kalejira, Musika plazara itzulera.
  • 22:00. Musika plazan, disko festa DJ Nemux-ekin.
  • 22:30. Iñurritzako zelaian, bertso jaialdia. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aimar Sorazu, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea: Ion Zaldua.
  • Ondoren, Iñurritzan, erromeria Batbita taldearekin.

Ekainak 28, igandea

  • 09:00. Iñurritzan, Diana txistulariekin.
  • 11:00. San Pelaio ermitan, meza.
  • Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza Jai Batzordeak eskainia.
  • 11:30. Iñurritzako zelaian, haur jolasak Txipristin taldearekin.
  • 14:00. Iñurritzan, gibel jana oilasko biltzean parte hartu dutenentzat.
  • 19:00. Iñurritzan, herri kirolak Joseba Ostolaza Harri eskolarekin.
  • 20:00. Iñurritzan parrillada, Auzoak bizirik taldearen eskutik.
  • 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
  • 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide