Munduko Futbol Kopa jokatzen hasiak dira AEBetako, Mexikoko eta Kanadako estadioetan, eta horren harira, gaurko euskal selekzioaren aldeko argazkia ateratzera deitu zuen herritar talde batek Guk euskal selekzioa lelopean. Musika Plazan zen hitzordua, 19:00etan, eta puntu-puntuan atera dute talde argazkia. Herriko kirolari eta norbanako ugari elkartu da bertako selekzioa aldarrikatzeko. Isilik egin dute aldarrikapen ozena.
"Euskaldunok ez dugu bertan [Munduko Kopan] selekzio propiorik izango. Normalizatu nahi dute Espainiako selekzioa, gurea balitz bezala. Horretan saiatzen dira komunikabide nagusiak, gure kaleak La Rojako kamisetaz betetzen diren une berean. Gurea, ordea, euskal selekzioa da". Azalpen horrekin egin zuten gaurko deialdia. Herritarrak eta herriko kirolariak animatu zituzten argazkian parte hartzera, eta euskal selekzioaren elastikoarekin edo norbere kirol taldeetako ekipazioarekin joateko eskatu zuten. Bada, hala egin dute aldarrikapenean parte hartu dutenetako askok.