Euskal selekzioaren aldeko argazkia ateratzeko hitzordua jarri dute biharko

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 17a

Euskal selekzioa Palestinaren aurkako partida hasi aurretik. (Euskadiko Futbol Federakundea)

Guk euskal selekzioa lelopean, Musika Plazan elkartuko dira, 19:00etan. Herritarrak eta herriko kirolariak animatu nahi dituzte egitasmoan parte hartzera.

Egun hauetan Munduko Futbol Kopa jokatzen ari dira AEB, Mexiko eta Kanadako estadioetan, eta horren harira, herriko talde batek euskal selekzioaren aldeko argazkia ateratzeko deia egin du biharko. Guk euskal selekzioa lelopean, Musika Plazan jarri dute hitzordua, 19:00etan.

"Euskaldunok ez dugu bertan [Munduko Kopan] selekzio propiorik izango. Normalizatu nahi dute Espainiako selekzioa, gurea balitz bezala. Horretan saiatzen dira komunikabide nagusiak, gure kaleak La Rojako kamisetaz betetzen diren une berean. Gurea, ordea, euskal selekzioa da". Azalpen horrekin egin dute bihar arratsalderako deialdia.

Herritarrak eta herriko kirolariak animatu nahi dituzte argazkian parte hartzera, eta, bide batez, eskatu dute euskal selekzioaren elastikoarekin joateko edo norbere kirol taldeetako ekipazioarekin, surfeko taulekin, arraunekin, bizikletekin, baloiekin edo dena delakoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide