Aurreko larunbatean nerabe talde batek moilako kukaña puskatu egin zuen, haren erabilera desegokia egin ondoren. Antza denez, multzoan jarri ziren mastan eta kulunka aritu ziren. Kasu honetan, enborra zartatzeaz gain, kukaña eusten zuen horma ere lehertu egin dute.
Ez da lehen aldia halako gertakaria ematen dena moilan. Duela bi urte kukaña berria jarri zuen Zarautz Arraun Elkarteak (ZAE), aurrekoa zaharkituta zegoelako, baina hura jarri eta pare bat astera apurtu egin zuten, hain justu ere, motibo beragatik.
Arraun elkarteko kideak masta berri baten bila ari dira orain; izan ere, udako kukaña eta ur jolasen lehen hitzordua uztailaren 2rako dute jarria. "Asmoa eta nahia badugu, baina ez da horren erraza lortzen", adierazi dute.
Herritarrek eta, oro har, erabiltzaile guztiek kontzientziatu behar dutela adierazi dute ZAEko kideek: "Kukañaz gozatu nahi badugu, guztion artean zaindu behar dugu. Bestela, hor aritzen garenok aspertu egingo gara eta antolatzeari utziko diogu". Era berean, erabilera txarra egiten ari direnei adierazi egin behar zaiela.