Dantza, zirkua eta antzerkia nagusi, Kalerkiren 33. edizioan

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 17a

Irune Urbieta kultur zinegotzia, Nagore Irastorza kultura departamentuko arduraduna eta Ane Gebara Bitsa konpainiako kidea. (Enara Ariznabarreta)

Zarauzko kaleko antzerkiaren jaialdia uztailaren 2an hasiko da, eta hiru egunez 12 ikuskizun ikusteko aukera izango dute herritarrek eta bisitariek. Atzerriko taldeen zein Euskal Herrikoen emankizunez gozatu ahal izango da Santa Klaran, Miren Etxabe plazan, malekoian, Zelai Ondon eta Amalur parkean.

Uda sasoiarekin batera, Kalerkiren 33. edizioa osatuko duten emanaldi sorta aurkeztu dute Irune Urbieta Kultur zinegotziak, Nagore Irastorza Kultur departamenduko arduradunak eta Ane Gebara Bitsa konpainiako kideak Santa Klara elizaren atarian. Egitaraua jasotzen duen liburuxka ere erakutsi dute.

Kultur zinegotziak adierazi du "erreferentziazkoa" den Kalerki jaialdiaren 33. edizioa dela aurtengoa, eta uztailaren 2tik 4ra Zarauzko kaleak "dantzaz, zirkuz, antzerkiz eta ikuskizun desberdinez beteko" direla. Herritarrek eta bisitariek, hiru egunetan zehar, leku desberdinetako 12 ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute. Euskal Herriko zein Madril, Katalunia, Burgos, Extremadura eta Italiako konpainiak etorriko dira beraien lanak erakustera.

Urbietak nabarmendu du "obrak direla kontuan hartuta, moldaketa batzuk egin dituztela". Ikuskizun guztiak Santa Klaran eta inguruko guneetan gauzatuko dira. Horietako batzuk, Miren Etxabe plaza berrian egingo dira, beste batzuk, aldiz, Zelai Ondoko pistan. Malekoian ere dantza emanaldi bat ikusteko aukera izango da, eta gainerakoak Santa Klarako patioan eta Amalur parkean izango dira.

Nagore Irastorza kultur departamenduko arduradunak gogoratu du "aurtengo edizioa hitz bakar batean deskribatzea ez dela erraza". Horregatik, "askotariko" gisa deskribatu du. Adin desberdinetako jendeari eta familiei zuzendutako "edizio indartsua" prestatu dutela azpimarratu du, eta umoreaz gain, magiak, zirkuak, dantzak, malabareak eta poesiak ere lekua izango dutela. ikusleen gertutasuna eta interakzioa bilatuko dituzten bi ikuskizun ibiltari izango dira. Lehenengo egunean, Burgoseko Tiritirantes Circo Teatro konpainiak Karrusel ibiltaria ikuskizun koloretsua aurkeztuko du Amalur parkean, 19:00etan. Hirugarren egunean, Bruboc konpainia italiarrak WOOW!  antzezlana aurkeztuko du, kobrez eta metalez eginiko tramankulu berezi batean, Amalur parkean, 19:00etan hasita.

Bertako ekoizpenak

"Beti bezala, aurreko edizioetan bezalaxe, bertako ekoizpenek ere bere garrantzia eta lekua izango dute", nabarmendu du Irastorzak. Bertako ekoizpenen artean, bost ikuskizun egongo dira. Uztailaren 2an, Bitsa konpainiak Haritik tiraka ikuskizuna eskainiko du Santa Klara elizaren atarian, 20:00etan. Ane Gebarak, Bitsa konpainiako kideak, Karrikaneko beka jaso zutela, eta horri esker ikuskizuna egin ahal izan dutela adierazi du. "Kale-antzerki intimo bat da, nahiz eta kale-antzerkia eta intimoa batera ez doazela uste dugun", nabarmendu du. Haritik tiraka "jende anonimoari, eta inoiz historiako liburuetan agertuko ez diren pertsona guztiei omenaldi bat dela" adierazi du, "bereziki nire amamari". Emanaldia Gebararen amamaren bizitzatik hasiko da, mandatuak egiten zituen jostun tailerretik. Ikuslea jostun tailer batean sartuko da, eta mandatu horiek biziko ditu. Mandatu horien harira, familia bat ezagutuko du, isiluneak eta Gerra Zibileko momentuak. Baita herrian eta auzoan sortzen den babes sarea ere. 

Beste hainbat euskal ekoizpenez gozatzeko aukera izango da, Haatik dantza konpainiaren IOI, Asvin&Pia konpainiaren Aske, eta Ertza konpainiaren Otempodis, besteak beste. Halaber, Barsanti konpainiak Kodizia late night azken lana estreinatuko du lehen aldiz Zarautzen.

Irastorzak aipatu du egunero jarraipen zehatza egingo zaiola jaialdiari, eta emanaldi guztien informazioa, argazkiak, eta bideoa eskuragarri egongo direla Kultura Zarautzen Instagram, X eta Facebooken kontuetan. Azkenik, kultura zinegotziak nabarmendu du "herria gureganatu eta ekitaldi guzti hauetara gerturatzeko gonbita luzatu nahi diela herritarrei".

Egitaraua:

Uztailak 2, osteguna

  • 19:00. Karrusel ibiltaria, Tiritirantes circo teatro (Burgos), Amalur parkean.
  • 20:00. Haritik tiraka, Bitsa konpainia (EH), Santa Klara elizaren atarian.
  • 20:45. Sin remite, Jean Philippe Kikolas (Burgos), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
  • 22:00. IOI, Haatik dantza konpainia (EH), Malekoian.

Uztailak 3, ostirala

  • 19:00. WOOW!, Bruboc (Italia), Amalur parkean.
  • 20:00. Gota, Txema Muñoz (Katalunia), Santa Klara elizaren atarian.
  • 22:00. Sinergia street, Nueveuno (Madril), Zelai Ondon.
  • 23:00. Ni fu ni fa, La buffa (Extremadura), Santa Klara elizaren atarian.

Uztailak 4, larunbata

  • 19:00. Aske, Asvin&Pia (EH), Santa Klara elizaren atarian.
  • 20:30. Otempodiz, Ertza konpainia (EH), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
  • 22:00. Kodizia late night, Barsanti (EH), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
  • 23:00. Alboroto, Truca circus (Andaluzia), Zelai Ondon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide