Zarauzko Triatloiak parte hartzaileen maila handia agerian utzi du gaur. Izan ere, olatu handiek eta bero itogarriak ez dituzte kirolariak mendean hartu. Iaz ez bezala, jarraitzailez eta senidez betetako hondartzara iritsi dira triatletak, Getaria eta Zarautz arteko itsas zeharkaldia egin ondoren. Eguraldia lagun, ehunka herritar eta bisitari gerturatu dira malekoira, urteko kirol hitzordu esanguratsuenetako batez gozatzera. Petriletik jarraitu dute proba, giro apartan.
Emakumezkoen kategorian, Helene Alberdi zumaiarra izan da hondartzara iristen lehena; 39 minutuan osatu du itsas zeharkaldia. Haren parean iritsi da Mikayla Messer australiarra, eta hirugarren izan da Alanis Siffert suitzarra, minutu bat eta 49 segundora.
Txirrindularitzako zatian, ordea, Siffert nagusitu da argi eta garbi. Lehen postua eskuratu du bigarren sailkatuari bederatzi minutuko aldea aterata. Anne Sophie Pierre frantziarra izan da bigarrena, eta Alberdi hirugarrena, 10 minutu eta 20 segundora.
Azkenik, 20 kilometroko korrika saioa amaituta, Siffert izan da helmuga zeharkatzen lehena, 04:18;31ko denborarekin. Horrela, txapelketako bere bigarren titulua eskuratu du. Hala ere, aurten iaz baino 15 minutu gehiago behar izan ditu proba amaitzeko. Bigarren postuan Alberdi sailkatu da (04:33;54), eta helmuga zeharkatu bezain pronto lurrera bota da, nekearen eta beroaren eraginez. Paramedikuek artatu behar izan dute. Hirugarren izan da Pierre, 04:34;43ko denborarekin. Dominak jaso dituzte helmugan bertan, ikusleen txalo artean.
Gizonezkoek ere ikuskizun bikaina eskaini dute. Emakumezkoak baino hamar minutu geroago abiatu dira Getariatik, eta Zarauzko hondartzara iristen lehena Guillem Montiel kataluniarra izan da; 36 minutuan osatu du itsas zeharkaldia. Haren atzetik iritsi da Guillem Rojas, 12 segundora, eta hirugarren Antonio Benito, segundo batera.
Txirrindularitzako proban, berriz, Tom Vaelen belgikarra izan da azkarrena. 02:39;43ko denborarekin iritsi da boxetara. Hiru segundo geroago heldu da Benito, eta beste bi segundo geroago Jose Ignacio Galvez. Korrikako zatian ezustekoak izan dira. Espero zen bezala, Antonio Benito izan da helmuga zeharkatzen lehena, 03:53;31ko denborarekin. Haren atzetik iritsi da Mikel Arrasate lekeitiarra (03:54;50), triatloia osatu duen lehen euskal kirolaria. Hirugarren sailkatu da Galvez, 03:55;54ko markarekin. Hirurek batera ospatu dute garaipena, eta dominak soinean, podiumera igo dira argazkia ateratzera.
Herritarrek, urtero bezala, hasieratik amaierara jarraitu dute proba. Faboritismoak alde batera utzita, parte hartzaile guztiei eman dizkiete animoak. Hondartzatik, hilerriko aldapatik nahiz herriko kale eta txokoetatik, kirolzaleek zein kirolzale ez direnek kalera egin dute triatloi mitikoaz gozatzeko. Beste behin ere, herri oso bat batzeko balio izan du Zarauzko Triatloiak.