20 urtez azpiko emakumezkoen euskal selekzioak eta Eslovakiako selekzioak lagunarteko bi partida jokatu dituzte asteburuan Gipuzkoako bi udalerritan. Lehena ostegun arratsaldean izan zen, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko kantxan; eta bigarrena, berriz, atzo, Beasainen.
Oro har, norgehiagoka parekatua izan zen Zarauzkoa, eta 72-64 emaitzarekin amaitu zuten jardunaldia. Joseba Lizarralde euskal selekzioko entrenatzaileak "partida borobila" izan zela adierazi zuen. "Hasiera-hasieratik defentsa ona egin dugu, eta Mireia Rubioren lesioak mindu gaituen arren, berriro aurrera jarraitu dugu". Azken laurdena "oso ona" izan zela ere esan du entrenatzaileak, zortzi puntuko abantaila ateratzea lortu baitzuten etxekoek. "Sentsazio oso onak izan ditugu".
Beasaingo partida ere 74-68 emaitzarekin irabazi bazuten ere, Eslovakiako selekzioak maila handia erakutsi zuen jardunaldi osoa zehar. "Zarautzen garaipen bikaina lortu genuen, baina gaurkoan nekeak lagundu ez digula ere ikusi da. Dena den, momentu gogorretan aurrera ateratzen jakin dugu, eta oro har, esperientzia oso polita izanda", gehitu du entrenatzaileak.