Irekita dago Zarautz Futsal Cup txapelketarako izen ematea

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 13a

Pasa den urteko txapelketako partida bat. (Mireia Galarza Bastida)

Uztailaren 25ean eta 26an jokatuko dute txapelketa, hirugarrenez, eta uztailaren 5a izango da bertan parte hartzeko izena emateko azken eguna.

Hirugarren urtez jarraian, Zarauzko areto futboleko sailak Zarautz Futsal Cup txapelketa antolatu du uztailaren 25 eta 26rako. Ohi bezala, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi aretoan jokatuko dituzte partidak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “ilusioz” daude, “betiko giro eta maila onenaz gozatzeko prest”.

Pasa den urtean egin zuten moduan, aurten ere Liga eta Kopa izango dira txapelketan, eta sariez eta zozketez ere gozatu ahal izango dute parte hartzaileek. Besteak beste, Gran Camping Zarautzen bi pertsonentzat gaua eta gosaria edo bi pertsonentzako Telesforo erretegian bazkaria izango dira zozketatuko dituzten sarietako batzuk. Horrez gain, Parte hartzaile guztientzat kamisetak ere oparituko dituzte.

Txapelketarako izena emateko azken eguna uztailaren 5a izango da, eta galdetegi hau bete beharko da horretarako. Taldeak gizonezkoenak, emakumezkoenak edo mistoak izan daitezke eta partaideek 2010. urtean edo lehenago jaiotakoak izan beharko dute. Taldeek gutxienez 6 parte hartzaile eta gehienez 10 izan beharko dituzte, eta bakoitzak bi koloretako kamisetak izan beharko ditu. Txapelketan parte hartzeko prezioa 100 eurokoa da taldeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide