Etxebizitzaren arloan egindako lanari balio eman dio PSE-EEk, baina Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko eskatu du

Intza Trula 2026ko ekainaren 10a

Salberdinen eraikitzen ari diren etxebizitza berriak. (Mireia Galarza Bastida)

Zarauzko PSE-EEk dio etxebizitza publikoak eraikitzea ez dela nahikoa "alokairuaren prezioek gazteak eta familiak kanporatzen jarraitzen badute". Gaia jorratzen duen liburuxka bat ari da banatzen alderdi sozialista, Zarautzen bizitzea merezi duzu lelopean.

Zarauzko PSE-EEk azken urteetan etxebizitzaren arloan egindako lanari balioa eman nahi izan dio, baina herria eremu tentsionatu izendatzea eskatu du. Etxebizitza publikoak sustatu dituzten arren, alderdiak uste du hori ez dela nahikoa, "alokairuaren prezioek gazteak eta familiak kanporatzen jarraitzen badute".

Inaxio Illarramendi PSE-EEko bozeramailearen ustez, "azken urteetan Zarautzek urrats garrantzitsuak eman ditu etxebizitzaren arloan, Salberdin, Aldapeta, Lanpardo/Azken Portu eta Irita bezalako eremuetan sustapenak, obrak eta proiektu berriak bultzatuz". Berak gogoratu duenez, etxebizitza publikoak eta babespeko bizitokiak eraiki dituzte leku horietan, "eta guztira 350 etxebizitza baino gehiago daude martxan edo aurreikusita".

Dena den, bozeramaileak azpimarratu du "eraikitzea ez dela nahikoa". Horrenbestez, ondorengoa gehitu du: "Alokairuaren prezioek jendea kanporatzen jarraitzen badute, udalak eskura dituen tresna guztiak erabili behar ditu. Horregatik esaten dugu argi: Zarautz eremu tentsionatua orain". 

Gaiari lotutako liburuxka bat ere kaleratu du PSE-EEk, eta herritarren artean banatzen ari da. Zarautzen bizitzea merezi duzu lelo hartuta osatu dute liburua, eta bertan etxebizitzaren arloan egindako lana aldarrikatzen du alderdiak, baita hurrengo pausoak ematea eskatu ere: Zarautz eremu tentsionatu izendatzea, alegia.

Liburuxkak PSE-EEk udal gobernutik bultzatutako beste hainbat jarduera ere jasotzen ditu; hala nola Itxas Mendiko tenis pisten berritzea, hondartzako ordenantza berria, padel pista berriak, kirol espazioen hobekuntzak eta arboretumaren inguruko lana.

Egoeraren aurrean, Illarramendik argi utzi nahi izan du PSE-EE gobernuan dagoela "kudeatzeko, Zarautz hobetzeko eta herritarren benetako beharrei erantzuteko". "Zarautzek merezi du, eta hemen bizi nahi dutenek ere bai", egin du azpimarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide