Aide Elustondo eta Saioa Makazaga nabarmendu dira Mintzola sarietan

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 9a

Azaroaren 6ko Mintzola mintegia. (Euskaltzaindia)

Ikertzaile bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta 2026ko irailaren 30a bitarteko epea izango du lana ondu eta aurkezteko.

Euskaltzaindiak sustatzen dituen Mintzola sarietan bederatzi egitasmo saritu dituzte. Horietan nabarmendu diren bi zarauztarrak Aide Elustondo eta Saioa Makazaga izan dira. Lehenengoak Orioko euskararen bilakaera fonologikoaren azterketa lanagatik jaso du saria. Bigarrenak, berriz, Euskara eta emozioak txirikordatuz: larrialdiko harrera-zentroetan artatutako gazte migratzaileak euskarara hurbiltzeko esku-hartze programa lanagatik.

Aurten, denera hamar eskaera aurkeztu dituzte gradu-amaierako zazpi lanen egitasmoekin eta master-amaierako beste hiru lanen proposamenekin batera, eta horietatik bederatzi izan dira sarituak. Ikertzaile bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta 2026ko irailaren 30a bitarteko epea izango dute lana ondu eta aurkezteko.

Deialdi honen helburua ikertzaile gaztea edota hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidea, eta euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da.

Irabazleak aukeratzerako orduan baliatutako ebaluazio irizpideak honako hauek izan dira: ikerketaren helburuak Mintzolak zehaztuta dituen iker-lerroetara egokituta egotea, ikerketa-gaia eta helburua ondo zehaztuta egotea, metodologia egokia izatea eta ondo garatua egotea, lana argi eta ondo idatzita eta egituratua egotea, lanak jakintzari egindako ekarpena, maila teorikoan zein metodologikoan egindako berrikuntzak, ikuspegi interesgarria eskaintzea eta etorkizunerako lan ildoak irudikatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide