Errugbiko Ohorezko Mailako finala jokatuko dute igandean Martin Soreluzek eta Urko Zumetak

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 4a

Sorreluz eta Zumeta aurtengo denboraldiko partida batean. (Utzitakoa)

Burgosko Aparejadores errugbi taldean jokatzen dute Sorreluzek eta Zumetak. Igande eguerdian jokatuko dute Espainiako Ohorezko Mailako finala, VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka.

Errugbi denboraldia ere bere amaierara iristen ari da. Irailean eman zioten hasiera Espainiako Ohorezko Mailako denboraldiari, eta igandean amaituko da, VRAC Quesos Entrepinares eta Burgosko Aparejadores taldeen arteko finalarekin batera. 12:00etan jokatuko dute finala, eta bertan izango dira Martin Sorreluz eta Urko Zumeta zarauztarrak, Burgosko taldearekin.

Ligako lehen fasea sailkapaneko lehenengo postuan amaitu bazuten ere, bigarren fasean ezin izan diote postu horri eutsi, eta bigarren sailkatu izatearekin konformatu behar izan dute. VRAC Quesos Entrepinares taldea geratu da lehenengo postuan, beraz, igandeko finala Valladoliden jokatuko dute, VRAC-en etxean.

Hala ere, Burgosko taldeak ez du finalerainoko ibilbide erraza izan. Final-laurdenetan Ampo Ordiziaren aurka jokatzea tokatu zitzaien, eta Sorreluz eta Zumetaren taldea nagusitu zen (17-13). Finalerdietan, berriz, Madrilgo Alcobendas izan zuten aurrez aurre, eta Burgosko taldeak lortu zuen garaipena, 28-25eko emaitzarekin.

Sorreluz pasa den denboraldian iritsi zen Burgosko taldera, eta lehenengo finala izango du igandekoa. Ohikoa da Espainiako selekzioko deialdietan, eta 2023. urtean Munduko Txapelketa irabazi zuen. Zumeta, berriz, duela bi denboraldi fitxatu zuen Burgosek, eta denboraldi horretan bertan jokatu zuen bere lehenengo finala. Orduan ere, VRAC Quesos Entrepinares taldea izan zuten aurrean, eta puntu bakar batengatik galdu zuten finala. Gauzak horrela, duela bi urteko arantza ateratzeko aukera paregabea izango du Zumetak igandean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide