Maialen Berasategi itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kideak manifestua irakurrita, abian da Literaturia. Modelo goraino beteta egin zuen atzo arratsaldean gasteiztarrak hitzartzea, eta jarraian igo zen oholtzara Imanol Epelde zarauztarra, Begian zerbait sartu zait ikuskizuna etxeko plazan defendatzeko asmotan. Barre algarak bat bestearen atzetik eragin zituen Epeldek eskainitako bi emanaldietan.
Atzoko arratsalde-gauaren ondotik, gaur ere jendez bete da Literaturiako beste hitzordu garrantzitsuetako bat, zehazki, Armiarma euskal literaturaren atariari egindako omenaldia Lege Zaharren Enparantzan. Patxi Gaztelumendi kideak jaso du aitortza irudikatzen duen oroigarria, Literaturiako kideek esker oneko hitzak zuzendu ondoren. "Mende laurdena ezin dugu oharkabean pasatzen utzi, urte hauetan egin duten lana ezinbestekoa baita. Isil-isilik, baina eten gabe, sarean ehundutako lan sendoaren bidez belaunaldi askoren irakurketak elikatu ditu Armiarmak", azaldu dute Literaturiako kideek. Bere aldetik, Gaztelumendik, metaforetan oinarritutako kontakizun bidez azaldu ditu bere ideiak.
Baso eta larre "ederrekin" parekatu du euskal literatura sarea, non armiarmaren zeregina den "urteetan ereindako uzta guztien eskura jartzea". Inguruko ekosistema, baina, "geroz eta makurragoa" dela zioen Gaztelumendik, eta horrek eragina duela bai euskal literaturaren lorategian eta armiarma sarean ere. "Gurea 24 orduz irekita dagoen liburutegi publikoa da, lore guzti guztiak jendearen esku dauden lekua. Guztion esku dago, ordea, horrek irautea", esan du Gaztelumendik.
Aitortzaz gain, ohiko liburu aurpezpenak, salmenta postuak eta tailerrak ere izan dira, eta horiek ere kulturzaleen arreta piztu dute. Gaur arratsaldean eta bihar goizean ere izango du jarraipena egitarauak:
Egitaraua
Maiatzak 30, gaur
- 16:30-17:30. Liburu aurkezpenak, Lege Zaharren Enparantzan.
- 17:30-18:30. Ongi etorri ipuin kontaketa musikatua helduentzat, Ameliren eskutik, Lege Zaharren Enparantzan.
- 18:30-19:30. Liburu aurkezpenak, Lege Zaharren Enparantzan.
- 20:15. Omen, Habia taldearen musika emanaldia, Modelo aretoan.
Maiatzak 31, bihar
- 11:30. Itzulpena: ezinean, ekinean Xabier Olarraren, Uxue Reyren eta Lide Hernandoren eskutik, Santa Klara komentuko elizan.
- 16:45. Literattipia: Klera dantza emanaldia, Kukai eta M. Larbururen eskutik, Modelo aretoan.
Liburu aurkezpenak
Larunbatean egingo dituzte liburu aurkezpenak Lehe Zaharren Enparantzan egingo duten liburu azokan, horretarako espresuki jarritako karpan. Arratsaldean Literaturian aurkeztuko dituzten argitalpenak honakoak izango dira:
- 16:30. Leire Mendiburuk itzulitako Fatima Ouassaren Ekologia pirata baten alde.
- 17:00. Iñigo Roquek itzulitako Pepetelaren Utopiaren belaunaldia .
- 18:30. Aitziber Etxebarriaren Chicago.
- 19:00. Peio Iturralderen Denboraren esku urdinak.